GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Eskandalu bitxia eta txalo arriskugarriak

Eskandaluzkoa. Auzitegi Goren espainolak GRAPOko ustezko militante bat absolbitu egin du. Auzitegi Nazionalak 30 urteko kartzela zigorra ezarri zion. Frogatu gabe, Gorenak dioenez. Eta, atzo telebistan entzun nuenez, kalera doa. Egingo nuke Marcos Martín Ponceri ez zaiola txantxa hori gustatu, beste zenbait auzi larritan sartuta baitaukate. Eta eskandalua ez da frogarik gabe zigortu izana, epaileek eta poliziek zigortzeko behar adinako ahalegina egin ez izana, Martín Ponceren erruduntasunaz kazetariek eta tertulianoek ez baitute bat ere dudarik.

Epaia Estatu espainoleko justizia sistema bermedunaren erakusle izan liteke, besterik ez bada ere, pentsatu bide du batek baino gehiagok, Gorenak zigorra berretsi balu berme juridikoak txorakeriak direla pentsatuko lukeen arren. Ez dut esan nahi epaitegi espainolek beti aurreko epaia berresten dutenik, ez horixe; baina eskuarki hura aldatzen dutenean, norabide bakarrean aldatu ohi dute. Atzo bertan jakin genuen Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak Hernaniko alkate Marian Beitialarrangoitiaren aurkako auzia berriro aztertzea erabaki duela. Auzitegi bereko epaile batek bukatutzat eman zuen auzia, presoen aldeko txalo bat eskatzea ez dela delitua iritzita. Txalo bat eskatu zuen, jaun-andreok, nahi zuenak txalo egin zezan. Eta erantzun zion txalo zaparradak adierazi zuen epaileek ezarritakoa baino zigor handiagoa jasaten dutenak ez daudela bakarrik.

Fernando Etxegarai kalean da bizitza erdia kartzelan eman ondoren. Kalean da Auzitegi Nazionalaren auto batek zigorra osorik betea duela erabaki zuelako. Euskal presoek urteetan epaileen erabaki asko berrikusteko aurkeztu dituzten helegiteak atzera bota izan dizkiete behin eta berriz, epai irmo bat berrikusterik ez dagoen argudioarekin. Orain, ordea, Auzitegi Nazionalaren agindu batek berriro sartu nahi du Etxegarai kartzelara, auzitegi beraren epai irmo bat baliogabetuta.

Hona nire txalo zintzoa sufritzen duten guztiei. Onartzen didaten guztiei. Eta nire besarkada Marian Beitialarrangoitiari, Fernando Etxegarairi, Alacanteko gose grebalariei eta preso guztiei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo