GARA > Idatzia > Pilota

Bigarren Mailako Buruz Buruko Txapelketa

Zilarrezko manomanista guztiz indarberrituta dator

Lau eta Erdikoaren zein Binakakoaren bidetik, babesle berriarekin eta 21 pilotarirekin aurkeztu zuten Bilbon

p055_f01_148x108.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Bigarren Mailako Buruz Buruko Txapelketa ere asteburu honetan jarriko da martxan 21 pilotariren parte hartzearekin -Asegarceko 13 eta Aspeko beste 8-. Zilarrezko txapelketek azkenaldian jaso duten bultzadari jarraipena emanez, manomanista inoiz baino pilotari gehiagorekin eta babesle berriarekin (Ipar Kutxa) aurkeztu zen atzo Bilbon.

Enpresen arteko pilotari kopuru ezberdinak sistema pixka bat aldatuko du. Asegarceko pilotariek aurrekanporaketa bat -Iza Olaetxearen kontra- eta final-hamaseirenak jokatuko dituzte: Eskudero/Urrizelki, Diaz/Oteiza, Retegi/Apraiz, eta Belloso/kanporaketako irabazlea. Final-zortzirenetan zain daudenak Jokin Argote, Iker Arretxe, Oier Mendizabal eta Alberto Beloki serie-buruak dira.

Aspekoek, berriz, final-zortzirenetan jokatuko dute lehen norgehiagoka: Olazabal/Ongay, Galarza VI/Merino, Arruti/Cabrerizo eta Arizmendi/Larralde dira lau kanporaketak. Final-laurdenetatik aurrera bi enpresetako pilotariak elkarren aurka arituko dira, eta final nagusia maiatzaren 31n jokatuko dute oraindik zehaztear dagoen pilotaleku batean.

Aurkezpenean begirada guztiak Oier Mendizabalengan jarrita egon ziren, lehen mailan Binakako txapeldun izan berri baita. «Nik uste jokatzen den lehiaketa bakoitzean irabaztera irten behar dela. Bigarren mailakoa jokatuko dut eta ea aukera daukadan txapelketa polit bat egiteko. Nahiko nekatuta bukatu dut Binakakoa, eta ea denbora daukadan Buruz Burukoa prestatzeko. Aldaketa asko izan dira denbora gutxian, eta horiek asimilatzen joan behar dut pixkanaka-pixkanaka», esan zuen Añorgako atzelariak.

Xabier Urberuaga iazko txapelduna ez dagoenez, faborito nagusien artean Xabier Galartza sartu behar dugu, iazko finala jokatu zuen beste bizkaitarra. «Zubietaren kontra galdu nuen onenekin egoteko aukera, baina, hala ere, ilusioz beteta hartzen dut lehiaketa. Azken urteetan asko ikasi dut, eta hori aplikatu beharko dut hemendik aurrera ere», onartu zuen.

Beste faboritoen artean, iaz finalerdietara iritsi ziren Arretxe eta Beloki aipatu behar dira, edo Argote bera, Lau eta Erdiko finalista eta Binakako txapelduna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo