Zornotzako LIV. Udaberri Saria
Euskal Herriko Itzulia eta geroko klasikoa, eta askoz gehiago
Ohiko ibilbideari eusten badio ere, irteera eta helmuga puntuak aldatu egin ditu antolakuntzak: Gudari kaletik Nafarroa kalera pasatu du helmuga puntua
GARA | ZORNOTZA
Zornotzako LIV Udaberri Saria aurkeztu zen atzo. Euskal Herriko Itzuliaren ostean, ezin ahantzizko hitzordu bilakatu da Zornotzakoa, izan ere, parte hartzea eta sariak proba benetan gustagarria bihurtzen baitute.
Euskal Herriko Itzulia bezperan amaituko bada ere, antolatzaileek parte hartze ona espero dute aurten ere, Euskal Herriko errepideetan gorengo mailako txirrindularitza eskaintzeko. Esaterako, iazko garaile Joaquim Rodríguez edo garaipena esku-eskuan laga zion Alejandro Valverde Caisse D'Epargneko taldekidea ere hantxe izango dira.
Aurten ere Sociedad Ciclista Amorebieta taldeak antolatzen du, eta konturik garrantzitsuenen artean, irteera eta helmuga gunearen aldaketa aipatu behar da. Orain artean ohikoa zen Gudari kaleak lekua utzi dio Nafarroa kalean prestaturiko tokiari.
Osterantzean, lasterketak 171 kilometro pasatxo izango ditu eta ohiko ibilbideari eutsiko dio, nahiz eta probak kilometro bat gehiago eduki. Goizeko 9.15ean irtengo dira txirrindulariak Nafarroa kaletik, eta irteera neutralizatuak bere horretan jarraituko du Ibaizabal eta Gudari kaleetatik Aspeko biribilgunean benetako irteera eman arte. Lasterketaren amaiera 13.30 aldera izatea espero da.
Hala, aurreneko erdian laua izango bada nagusi, bigarren erdiko ibilbide gorabeheratsuak hautsiko du tropela. Muniketagane eta Autzagane hiruna aldiz igo beharko dituzte txirrindulariek eta, beraz, hantxe erabaki beharko da 2008. urteko garailea. Ezberdintasunik nabarmenena Autzaganeko gailurretik helmugara arteko distantzian egongo da. Normalean hiru kilometro egon ohi dira gailurretik helmugara, baina aurten kilometro bat haratago egonen da. Ondorioz, bakarrean helmugara iristea zailagoa izanen da eta, beraz, badirudi taldetxo baten esprintaz erabaki daitekeela 54. edizioa.
Taldeak eta txirrindulariak
16 talde izango dira Zornotzako proban, horietatik zazpi UCI Pro Tourrekoak, beste lau profesional kontinentalak eta beste bost kontinental.
Pro Tourreko taldeak honakoak izango dira eta honako txirrindulariak ekarriko dituzte: Euskaltel-Euskadi: Igor Anton eta Astarloza; Saunier Duval: beñat Intxausti; Caisse D'Epargne: Rodríguez, Valverde eta Zandio; Liquigas: Beltrán, Krauziger eta Bertagnoli; Ag2r: José Luis Arrieta; Lampre: Patxi Vila, Cunego eta Bruseghin; CSC: Carlos Sastre, Iñigo Cuesta, Schleck anaiak eta Sorensen.
Talde kontinental profesionalak honako laurak dira: Andalucía Cajasur, Conténtpolis-Murcia, Extremadura eta Karpin Galicia. Talde kontinentalak bost izango dira, baina oraingoz bi baino ez daude ziurtatuta: Orbea-Oreka eta Burgos Monumental. Beste hiru talde ia loturik ei daude: Kazajstaneko Ulan; Letoniako Dynamitek_Latvia eta Errusiako Katyusha.