GARA > Idatzia > Musika

Disko Berriak Aritz Sound System

Luxuzko jostagarria

p058_f01_32x32.jpg

Asko dira baxua bigarren mailako musika instrumentutzat dutenak. Normalean, bateriarekin batera, abestiaren erritmo atalaren parte soilik kontsideratzen da. Reggae musikan, aldiz, eta musika afro-amerikarrean, oro har, ezinbesteko osagaia da. Marcus Miller (1959, New York) hamahiru urte zituela hasi zen baxua jotzen, klarinetea eta pianoarekin batera. Denborarekin, baxuaren aldeko apustu garbia egin zuen eta gaur egun mundu mailan dauden baxu-jotzaile guztien artean maisua kontsideratua dago.

Hamabost urte zituela, Aretha Franklin, Roberta Flack edo Groover Washington-en estudioko musikaria zen. Baxulari trebea izateaz gainera, ekoizle aparta da. David Sanborn-entzat ekoitzitako lanagatik Grammy saria jaso zuen bitan (1980 eta 2000 urteetan). Musikari askorekin lan egin izan du eta baita hainbat filmen soinu banda osatu ere. Bakarlari bezala kaleratu dituen diskoetan musikalki duen aberastasuna atzeman daiteke eta, oinarria jazz eta funk doinuetan badu ere, erritmo askorekin jolastea gustatzen zaio.

Azken disko hau irekitzen duen kantuan, adibidez, ekialde hurbileko musikari egin dio keinu. Azken diskoetako joerari jarraiki, luxuzko kolaboratzaileak bildu ditu ahotsetan; Corrine Baley, Keb Mo, Lalah Hathaway, eta abar. Marcus Milleren kantu propioekin batera, Miles Davis, Stevie Wonder eta Tower Of Power taldeen bertsioak entzun daitezke diskoan. Oso gomendagarria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo