GARA > Idatzia > Euskal Herria

Arlo sozio-kulturalean euskararen erabilera sustatzeko hitzarmena sinatuko dute Bergaran

GARA |

Helburua euskararen erabilera arlo sozio-kulturalean sustatzea da. Horretarako larunbatean Bergarako laurogehi entitatek eta gehiagok hitzarmena sinatuko dute. Eguerdiko hamabietan izango da ekitaldia, herriko udaletxean. Bertatik jakinarazi dutenez, oinarria orain urte asko jarri zuten. «Ume eta gazteekin lan egiten duten herriko hainbat entitatek Euskara Bultzatzeko Hitzarmena sinatu zuten 1991n», azaldu dutenez. Ordutik helburu hori betetzeko eman diren urratsak ugariak izan dira. Hala, 1995ean bigarren sinatze-ekitaldia egin zen, eta aurrerapauso nabarmenak eman zituzten egitasmoan parte hartu zuten herriko talde eta elkarteek. Baina, 1998an, «Udaleko Euskara Zerbitzua beste arlo batzuetan lanean hasi zen», eta proiektua nolabait alboratuta utzi zuten.

Orduko esperientzia positiboari berriz heldu nahi izan zioten orain bi urte, Bergarako elkarteetan euskararen erabilera bultzatzeko diagnostikoa egitea erabaki zenean. Prozesu osoan zehar, harreman zuzena izan dute herriko makina bat talde eta elkarterekin; eta horiek, eta bidean batzen joan direnek sinatuko dute larunbat honetan hitzarmena.

Konpromiso zehatzak

Testua izenpetuko duten entitateek, euskararen «berreskuratze, modernizatze eta zabalkuntza prozesuan protagonista» izan nahi dute. Besteak beste, konpromisoa hartuko dute ahalegin berezia egiteko udaleko zuzendaritza-organoetako kideak eta, batez ere, lehendakari, idazkari eta diruzaina, beren lana euskaraz betetzeko gaitasuna duten pertsonak izan daitezen, baita egiten diren bileretan euskara erabiltzeko ere.

Halaber, «entitatearen errotulua, kanporako inprimakiak, bazkide txartelak, zigiluak, fakturak, telefono erantzungailua, webgunea eta gisa bereko oinarrizko kanpo erabilerako elementuak» ere euskaraz izateko konpromiso sendoa hartuko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo