ERMUA
«Berbetan» Jardunaldien IX. edizioa jarriko dute gaur abian
Jada bederatzigarren aldiz antolatu dituzte, aurten ere ez baitute hutsik egin nahi izan. Hala, gaur abiatuko dira Berbetan Jardunaldiak Ermuan. Helburua «euskararen ezagutza eta erabilerarekin zerikusia duten zenbait gaien inguruan hausnartzea da», eta horretarako hainbat hitzaldi antolatu dituzte. Antolatzaileak Euskal Birusa euskara elkartea, Eskolabarri ikastetxea, Kaltxango AEK euskaltegia, Anaitasuna Ikastola eta Udal Euskaltegia dira, eta Euskara Zerbitzuaren babesa ere badu. Eñaut Elorriaga Ken Zazpi musika talteko abeslariak eta Nerea Alias aurkezleak eskainiko dute irekiera hitzaldia, «Ni ere... euskaraz bizi naiz» izenekoa. «Gazte hauek azalduko dute beren eguneroko bizimoduan, hau da, lan munduan, familian, lagunartean... euskara berezko osagaia dela, eta horrela aukera horren inguruan dagoen zenbait kontrako aurreiritzi gezurtatzen saiatuko gara», antolatzaileek azaldu dutenez.