Gipuzkoako arkitektura industrialari buruzko ikerketa, liburu digitalean
GARA | DONOSTIA
«Arquitectura industrial en Gipuzkoa» da herrialdeko Artxibo Orokorrak argitaratu duen liburu digital berria. Amaia Apraiz eta Ainara Martínez Artearen Historian doktore direnek egin dute lanak oinarri duen ikerketa, Gipuzkoako Foru Aldundiak ikerketa historikorako urtero eman ohi duen bekari esker.
Gipuzkoako arkitektura industriala Artearen Historiaren ikuspegitik aztertzea izan da ikerlan honen helburua: arte estiloek arkitektura horretan zer-nolako eragina izan duten. Gipuzkoako arkitektura garaikidera hurreratze bat egin nahi izan dute egileek, ondare industriala aztergai harturik, balio historiko eta artistiko handikoa izanda ere, gaurdaino gutxi aztertu eta aitortu baita.
Lan eremutzat Tolosa, Eibar eta Donostia hartu dituzten arren, gai honen inguruko beste herri askotako irudiak ere sartu dituzte. Irudi asko bildu dituzte, eta ez fabrikenak bakarrik -zutik dirautenak nahiz galdutakoak-, baita eraikuntza proiektuenak eta antzinako argazkiak ere, eta industria haiek eta beren produktuak ezagutzera emateko diseinatutako publizitatea, orri buruak eta abar.
1876. urtetik 1936a bitarte
Ikerleek gure lehen industrializazio handiaren aldia aztertu dute, hau da, 1876 eta 1936 urteen artekoa. Orduan, arkitektura aurrerapen teknologikoen zerbitzura jarri zen, eta «balio duena, eder» leloa gogoan, funtzionaltasuna eta estetika konbinatzen saiatu zen.
Horiek hala, industriak modernitate artistiko eta arkitektonikoarekin izandako loturak aztertu dira, azterketa lerro berriak ireki nahirik, Gipuzkoako Artearen eta Arkitekturaren historia ezagutzeko ikuspegi berrien bila.
Liburu digital berri hau www.artxibogipuzkoa.gipuzkoakultura2.net-en eskura dezakete interesa dutenek.