«Gugan arreta jarri duen zalea ez aspertzea dugu helburu»
Iokin Elorza | Sei urte taldeko kidea
Ekain eta Iñaki anaiekin eta Jokin lagun minarekin batera Sei Urte osatzen du Iokin Elorzak. Taldeak Metak diskoetxearekin bi lan plazaratu eta Estoldetan zigilua sortu zuen, «Jauzia» autoekoizpenean emateko. Zuzeneko disko bat dute azken lana, Durangoko bonbardaketaren 70. urteurrenean Martxoak 31 taldearekin batera emandako kontzertuan grabatua. Eta bidean dute lan berria.
Anartz BILBAO | BILBO
Sei Urte berriztar laukoteko kideak Izurrai, Martxoak 31, Ene Bada, Zer eta Hissopus taldeetan jardun zuten eskarmentua hartu eta duela hamaika urte taldea sortu zuten arte. Taldea Iokin, Iñaki eta Ekain Elorza anaiek eta lagun mina duten Julen baxu joleak osatzen du egun eta Elorza familiaren bizitokia dute bilgune. Izan ere Berrizko baserrian bertan dute Durangaldeko musikari eta talde ugarik ondo ezagutzen duen Estoldetan grabazio eta entsegu lokala. Bertan eman zituen lehen danbor golpeak egun makina bat taldetan bateria jotzen ari den Ekain anaia gazteenak ere, eta bat baino gehiago apurtu musika lanbide izatea erabaki zuen arte.
Durangoko bonbaketaren 70. urtemugan Martxoak 31 taldearekin batera jo eta zuzeneko disko bana argitaratu ostean kantu berriak prestatzen ari da egun laukotea. Martxoan Madrilen jo dute eta pasa den astean estreineko aldiz formato akustikoan.
Kantu egile nagusi den Iokini, anaia zaharrenari deitu dio GARAk, etengabeko mugimenduan den talde ipurterre eta ekinaren oraina ezagutze aldera.
Estudioko hiru lan eta zuzeneko bat plazaratu ostean zertan da orain Sei Urte?
Egun Ekain, bateria jotzailea, Madrilen bizi da eta taldearen funtzionamendua ez da oso erraza. Gure hasierako asmoa uda osterako lan berri bat kaleratzea zen baina oraindik ez dugu oso argi. Momentuz abestiak konposatzen ari gara eta tarteka zuzeneko batzuk joz.
Duela gutxi Euskal Herritik landa ere jo duzue.
Bai. Martxoan «Madrid pop 2008» jaialdian jo dugu. Beti harritu izan gaitu zer nolako harrera polita izaten dugun kanpoan. Kopuru aldetik jende gutxi etortzen da baina interes handia agertzen du euskal musikaren aurrean eta sarri gurean baino gehiago mimatzen zaituzte. Galizian egonak gara, baita Katalunian ere, bitan, eta Madrilen hirutan. Oporretan joango bagina legez, pozik joaten gara.
Formato akustikoa ere landu duzue zuzenean.
Printzipioz Lezamako Herriko Tabernatik egin ziguten eskaria, kontzertu akustikoak egiten hasi direla eta. Baina behin kantuen moldaketak egiten hasi, gustura gelditu eta komentatu dugu gure artean ondo legokeela uda ostean kontzertu akustiko batzuk egitea. Gauza da disko berria ere tartean dagoela, eta ez dago batere argi etorkizunak zer ekarriko digun.
Lanak argitaratzeko autoekoizpenera salto egin zenuten. Erabakiarekin gustura?
Merezi du, polita da. Badakigu gure mugak ditugula eta ez dugula baliabiderik nahiko genituzkeen gauza asko egiteko baina esperientzia bezala polita izan da eta asko ikasi dugu. Gerora ikusiko dugu zer egiten dugun baina lehen bezala orain ere ahal izanez gero musikariarentzat onena bete betean musikara dedikatzea dela uste dut, lan administratiboak beste norbaiti utzita. Musikariak beste lanetan denbora gehiegi galtzen duenean kaltetua norbere musika izaten da, ezin diozulako merezi duen guztia eskaini. Baina ezagutu ditugu musiak inguruan dituen lanak ere eta ez gara damutzen.
Estoldetan estudioa etxean izateak izango du eraginik bide horretan.
Bai. Abesti lasaia edo indartsua izan taldearen sena mantentzen du, guretzat oso lorpen handia dena. Sei Urteren abesti guztiek enbor bera duten arren enbor hori oso zabala da. Estoldetanek esperimentatu eta frogak egiteko aukera ematen digu, ordu piloa sartzen dugu bertan eta estudioari zukua atera ahala joan gara diskoetan soinu berriak adierazten. Hurrengo lanean ere, ez dakit nora baina seguru aurrerapausu bat emango dugula. Jendea harritzea zaila da baina gugan arreta jarri duen zalea ez aspertzea dugu helburua.
Taldekideen artean hiru anaiak zarete. Gauzak erraztu edo zaildu egiten ditu horrek.
Oso ondo moldatzen gara. Elkar ezagutzen dugu, badakigu nolakoak garen eta gure kasuan behintzat gauzak errazten dizkigu. Arraroa da haserreak egotea eta arazoak izanez gero hor dago beti Julen bakea jartzeko.
Begiratu dezagun atzera. Martxoak 31 berriro elkartu eta zuzeneko berezia jo zenuten iaz.
Martxoak 31k orain hamaika urte eman zuen bere azken kontzertua. Amaiera polita izan genuen, baina airean utzi genuen etorkizunean zerbait egitearen ideia hori, inguruko jendearen artean ere bazebilena. Eta egun berezi hori heldu zitzaigun iazko martxoaren 31n, larunbatez, Durangoko bonbaketaren 70. urteurrena gogoratzen zelako. Data esanguratsu horrek eman zion izena taldeari eta aukera egokia iruditu zitzaigun etxean, Plateruenan, berriro zuzenean jotzeko.
Gau berezia Durangon.
Giro aldetik, egia esan, aste batzuk aurretik jendea galdezka hasi zitzaigun, bueltatzen ginela egia ote zen. Grina sortu zen aspaldiko zaleen artean eta kontzertu eguneko giroa itzela izan zen, lepo beteta zegoen Plateruenan. Ikusi genuen Durangaldean Martxoak 31 talde maitatua zela ikusi eta horren errekonozimendua jaso genuen.
Martxoak 31rekin bueltatzeko tentaldirik ere izango zenuten.
Data jakin baterako prestatu genuen kontzertua baina egia da berotan jarraitzeko gogoa ere sartu zitzaigula eta Martxoak 31k jarraitu ez arren musikariren bat edo bestek hartu duela berriro musika tresna eskuetan.
Sei Urte taldeak ere hartu zuen parte gau berezi hartan.
Bai. Talde bietan jo dut nik eta egun Sei Urte taldean nabilenez aproposa iruditu zitzaigun kontzertu gogoangarri horretan bi taldeok jotzea, jaia borobiltzeko eta Martxoak 31 laguntzeko. Harreman handia dugu betidanik bi taldeon artean.
Eta zuzeneko lana plazaratu zuen gero.
Hasieran ez genuen asmorik disko hau editatzeko. Gainera, normalean baino zuzeneko laburtxoagoa, trinkoagoa egin genuen, Martxoak 31 genuelako protagonista. Baina zuzenekoa grabatzeko baliabidea egokiak genituenez, kontzertu ona izan zenez eta guretza musikaz aparte, balio berezi bat zuenez, diskoa plazaratzea erabaki genuen, gau magiko baten isla.
Taldea: Sei Urte.
Lana: `Plateruenan zuzenean 2007-03-31´.
Diskoetxea: Estoldetan.
Salneurria: 9,50 euro.
«Gure kasuan, taldean lau kidetik hiru anaiak izateak gauzak erraztu dizkigu eta gainera arazoren bat izanez gero hor dugu beti Julen, bakea jartzeko»
«Estoldetan izateak frogak egiteko aukera ematen digu, ordu piloa sartzen dugu bertan eta hurrengo lanean ere aurrerapausua emango dugu»
Sei Urteko hiru Elorzatarren artean gazteena dugu Ekain. 24 urte baino ez dituen arren baterian jarrita bidea egiten ari da berriztarra eta guk berarekin ere hitzegin nahi izan dugu.
Egitasmo ugaritan ikusi zaitugu. Zertan zabiltza egun?
Lan eskaintza bat izan nuen Madrilen eta urte bete daramat bertan. Klaseak eman, klaseak hartu, momentuz gustura nago. Taldeak bilatzen hasi eta egun, Dinero izeneko taldean nabil bateria jotzen jo eta su. Hemen, Sei Urtez aparte Pettirekin jotzen dut, Cobra taldeko partaidea naiz eta Rafa Rueda zein Txuma Murugarrenekin jotzen dut tarteka.
Beti rockaren esparruan?
Eskatzen didatena egiten dut baina orain arte gehienbat bai, rocka. Niri musika gustatzen zait eta prest nago beste musika batzuk jotzeko, hala ere. Funk, blues, jazz... gura dot guzti horretan sartu, jo artean jakingo ez dudalako jotzeko prest nagoen edo ez.
Aurretik, Estatu Batuetan egona zara, ikasketak burutzen.
Madrilen ikasten nengoela maisu batek aholkatu zidan San Frantziskora joatea. Hark esan, gurasoen bultzada jaso eta hilabete batzuen buruan han nintzen, ingelesik jakin gabe. Urte beteko esperientzia izan da, ikaragarria arlo guztietan.
Bateria jotzaile legez bidea egiten ari zara, beraz.
Gogoa dut bateriarekin aurrera egin eta nire bizitza musikaren inguruan egiteko. Anaiei esker musika tresnak jotzeko aukera izan dut etxean eta zortzi urte inguru nituela zer hartuko eta bateria. Gero Hissopus sortu genuen 12 urte ingururekin eta unibertsitatean nengoela erabaki nuen apustua egin eta bizitza musikatik bideratzen ahalegintzea, gerora saiatu izanaz ez damutzeko, bederen!