Jaien zurrunbiloa (eta II): herritarron parte hartze zuzena
Aritz SOUND SYSTEM | Kazetari eta musika adiktoa
Aurreko zutabean jaien zurrunbiloan sartu garela esaten genuen. Hemendik aurrera eta Gabonak bitartean, festak izango ditugu atsedenik hartu gabe, festaz festa ibiltzeko aukera. Antolatzeko garaian ere, herriaren izaera atzeman daiteke. Jai herrikoiak nahi diren herrietan, herritarren parte hartzea bultzatu beharra dago, eta ez soilik, gauzak antolatzeko garaian, baita erabakiak hartzeko garaian ere. Aurrekontuen banaketan adibidez. Herriko taldeei, gauzak antolatzeko (eta ez soilik festetan) ematen zaien diru laguntzen arautegia osatzeko garaian, talde horiek parte hartze aktiboa eduki behar dute. Jakina da, arautegi bat osatzea korapilotsua izan daitekeela; bilera asko egin beharko dira, eta hauek, luzeak eta polemikoak izan daitezke.
Taldeen arteko eztabaidak eman daitezke, baita haserreak ere. Horregatik, bilerak antolatzeko erak garrantzi handia du, eta bilera horietan parte hartzen duten taldeek, garbi eduki behar dute, talde bakoitzaren interes propioen gainetik, guztiontzat onuragarria den zerbait bilatu behar dutela. Erraza da esatea. Ziurrenik, prozesu horretatik aterako den emaitza ez da «ideala» izango baina, behintzat, talde gehienen babesa izango du. Prozesuak, era berean, taldeen arteko harremana indartzeko balio dezake, edo gutxienez, besteek egiten duten lana ezagutu eta hobeto ulertzeko. Erabakiak, soilik, agintean dauden politiko eta udal «teknikoen» esku daudenean, taldeek, banan bana negoziatuko dute udalarekin. Adostasuna dagoenean, «arazorik» ez, baina, zer gertatzen da udal agintariekin desadostasunak daudenean?
Jai Batzorde indartsuak dauden herrietan, kaltetutako taldeak, egoera besteen aurrean aurkezteko eta besteen babesa eskatzeko aukera izango du. Arautegia guztion artean adostu denean gainera, ziurrenik, aldekoa izango zaio. Laburbilduz, herrietan kultur ekitaldiak (ere) antolatzen dituzten taldeak elkartuta egotea garrantzitsua da eta, era berean, erabakietan parte hartze aktiboa aldarrikatu behar dute. Arautegiak garrantzitsuak dira, baina are garrantzitsuagoa da, arautegi hori interpretatuz, erabakiak hartuko dituenaren ideologia (udal agintariena, kasu honetan, horren araberako erabakiak hartuko dituelako). Herritarrak edozein erabaki gunetik aldentzeko joera dagoen honetan, herritarron parte hartze zuzena aldarrikatzea eta borrokatzea garrantzitsua da. Ezkertiarrentzat ez dago atsedenik ezta jaietan ere.