GARA > Idatzia > Jo puntua

Laura Mintegi Idazlea

Erromak ez die traidoreei ordaintzen

Hipokrita da zerbaiten itxura eman eta gero alderantzizkoa egiten duena. Ez du ematen
Ibarretxe gizona hipokrita denik. Ibarretxe politikaria bai

Ana Iribarrek esan du Ibarretxe mespretxatzen duela, desleiala delako, hipokrita eta koldarra. Eta esan egin du, esan, EAJren buruzagi nagusien aurrean eta Eusko Legebiltzarrak gonbidatuta, Izaskun Bilbaok eramana.

Hitz gogorrak dira eta agertokiak areagotzen du kritikaren gogorra. Ez dut uste Juanjo Ibarretxe gizonak horrelako hitzik merezi duenik. Ezagutu izan dudan apur-apurragatik, ideologia bera ez badut ere, gizon zintzoa ematen du, langilea, hurbila eta entzuten dakien horietarikoa. Politikagintzan dagoen jendaila ikusita, rara avis modukoa. Bestelako kontua da Juan Jose Ibarretxe politikaria. Eta, noski, Erromak ez die traidoreei ordaintzen. Hori gauza jakina da.
Zergatik da hipokrita espainiarren iritzian? Hipokrita, definizioz, pertsona itxuratia, zuria, aurpegi bikoa, tolesduna, azalutsa, itxurazalea da. Hitz batez, gauza bat esan eta beste bat egiten duena; aurretik zuri eta atzetik beltz; iruzurra egiten duena, hurkoaren konfiantzarekin jokatzen duena. Hipokrita da zerbaiten itxura eman eta gero alderantzizkoa egiten duena.

Ez du ematen Ibarretxe gizona hipokrita denik. Ibarretxe politikaria bai.

Zergatik da desleiala espainiarren iritzian? Autonomietako politikariek, eta areago beraien presidenteek, Konstituzioari zin egin diotelako; haren esanari eta espirituari eutsiko diotela agindu dutelako; gobernu zentralaren ordezkariak direlako; estatuaren sukurtsalak gobernatzen dituztelako eta metropoliari men egin behar diotelako. Desleiala da estatua zatikatu nahi duelako, hain zuzen, bera estatu zatiezinaren jagole instituzionala izanik; ez du leial jokatu emandako hitzarekin, bere karguarekin. Autonomiako presidentearen zeregina ez da estatua zatikatzeko ahalegina egitea, alderantzizkoa baizik.

Ez du ematen Ibarretxe gizona desleiala denik. Ibarretxe politikaria bai.

Zergatik da koldarra espainiarren iritzian? Gobernu baten indarra duen arren, legez kanpokoen presiopean makurtzen delako eta amore ematen duelako; haren misioa ordena gordetzea eta independentisten nahiaren aurrean tinko eustea izan arren, berak ere ordena kolokan jartzen duelako (liskartiekin bilerak egiten ditu, ez ditu parlamentutik botatzen, nolabaiteko ardura hartzen du gatazka beste aldean pairatzen dutenekin); amets independentistak dituelako; «gaiztoek» bezala, bere kabuz erabaki nahi duelako eta jendeari galdetu nahi diolako, gainera, zer izan nahi duen, norekin bizi, nola.

Ez du ematen Ibarretxe gizona desleiala denik. Ibarretxe politikaria bai.

Botoa inoiz emango ez badiot ere, aitortzekoa da denbora laburrean polito ikasi duela euskara; sentsibilitate berezia erakusten duela sahararren arazoarekiko (eraztun beltzak gogorarazten duen moduan); emakumeekiko eta haien egoerarekiko begirune fina agertzen duela eta, azkenik, ausartu egin dela herritarrei kontsulta egiteko data ezartzen .

Ana Iribarrek arrazoia du, Ibarretxe hipokrita da, desleiala eta koldarra.邝

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo