Adierazpenak
«Azken jaitsierak MotoGP lasterketa bat zirudien»
GARA | VIANA
«Zama ederra kendu dut gainetik! Vianara bideko azken jaitsieran ikaragarrizko tentsioa egon da. Moto GP lasterketa bat zirudien hark!», adierazi zuen Errekaldekoak.
Herreroren hitzetan, Bettiniren gurpila zaintzen saiatu zen, baina plana aldatu zuen Luis León Sánchezek erasoa jotzean. «Bettiniren atzean nindoan, baina Luis León irteten ikusi dudanean ez dut birritan pentsatu; nahiz eta Bettini atzetik nekarrela ikusi, banekien Luis Leónen gurpilera atera ezean ezingo nuela irabazi. Topera egin dut esprinta eta ongi atera zait».
Etapa garaipenaren helburua lortuta, sailkapen nagusiari ez zion aterik ixten Errekaldekoak.
«Urduri nengoen irabazi ezinik nenbilela-eta; izan ere, sasoi onean nagoenean nahiko erraz-edo irabazten dudala esan dezakegu. Baina itzuli honetan maila aparta dago eta asko kostatzen ari zitzaidan. Baina orain nire bizitzako garaipenik garrantzitsuena lortu dut. Beraz, orain bai egingo dudala lo gustura!»
«Sailkapen nagusia, berriz, ez dakit askotxo ez ote den, baina nire helburua beteta, hemendik aurrera etortzen dena ongi etorria izango da», amaitu zuen.
Juanma Garateren alergiak
Herrero ez bezala, aurreneko etapa bietan uste baino atzerago ibili da Quick Step taldeko Juanma Garate irundarra. Alergiek jota, «lasterketa uztekotan» egon ei zen Ixuan gora, baina badirudi atzo nahiko itxuroso aurkitu zuela bere burua .
«Uste baino atzerago ibili naiz gehiago ezin nuelako. Gaur ¯atzo¯ guztiz ongi ibili ez arren, hobeto sentitu naiz; eguna salbatu dut bederen. Egunez egun eta mendatez mendate begiratu besterik ez zait geratzen».
«Alergiek ez didate bakerik ematen. Hilabete inguruko kontua izaten da eta egun hezeetan gaizki pasatzen dut. Ixuan uztekotan ere egon nintzen, baina hemen egon behar da, Girora begira erritmo politarekin amaituko baitut», esan zuen.
Patxi Vilaren iritziz, «helmugarako jaitsiera oso arriskutsua izan da, eta eskerrak zorua lehor zegoen! Postu onak lortzen ari gara, baina Damianok ¯Cunego¯ ez du zorte handirik izan. Ea larunbata bitartean garaipenen bat lortzen dugun», eskatu zuen.