Igoera saritzeko akordioa sinatu dute jokalari zuri-urdinek eta Kontseiluak
GARA | DONOSTIA
Otsailean adostu zuten arren, astelehenean sinatu zuten jokalari zuri-urdinek eta Realaren Kontseiluak igoera saritzeko akordioa, klubak atzo jakinarazi zuenez.
Horrelako kontuak konponduta edukitzea komenigarria izan ohi da, baina atzo Mikel Aranburuk argi utzi zuen jokalarien ardura nagusia zein den egun. «Saririk onena igotzea eta datorren urtean Lehen Mailan jokatzea izango da -aitortu zuen-. Akordioa lortu dugu eta, normala denez, guztiok pozik gaude, baina hau alde batera utzi behar dugun gaia da. Lehen bezala, orain ere, garrantzitsuena partidak irabaztea eta taldea Lehen Mailara igotzea da», azpimarratu zuen azpeitiarrak.
Aranburuk, bestetik, ez zuen azken egunotan plazaratu diren iskanbiletan nahastu nahi izan. Realak, berriro ere, zelai gaineko jokoarekin zerikusirik ez duten kontuengatik hainbat albiste sortu duen arren -Juan Antonio Larrañaga kaleratzea, presidenteak klubak kiebra jo duela aitortzeko aukera...-, kapitainak argi dauka jokalarientzat zer den garrantzitsu. Ez zuen hitz egin nahi izan gainerakoaz.
Eta Badiola eta Delibasicen artean sortutako iskanbilari buruz ere ez, askorik ez, behintzat: «Taldearentzat onena, Delibasicek igandean lortu zuen golaren, guztiok poztu gaituen horren bezalakoak lortzea izango lizateke. Orain arte, aldagela kirol arlotik kanpo gertatutako auzietatik urrundu da, eta hala jarraitu behar du», argitu zuen.