Gipuzkoako Ogasuneko lehengo arduradunen arau hauste larria, herritarren babesgabetasuna
Datuen Babeserako Euskal Agentziak argitu duenez, Gipuzkoako Ogasun Saileko aurreko zuzendaritzak zabaldu zituen ahaldun nagusirako hautagai zen Jon Jauregiren datuak, horren ondorioz, hark hautagaitzari uko egin baino lehen. Hala jakinarazi zuen atzo egungo Ogasuneko diputatu Pello Gonzalezek. Agentziaren arabera, Gipuzkoako Ogasunak arau hauste larria egin zuen.
EAJren barne liskarrak iritzi desberdinak sorraraz ditzakete, alderdi horrek irudi kaskarra edo egokia eman. Liskar horietan herri erakunde bat erabiltzea, ordea, ez da inondik inora onartzeko modukoa. Izan ere, Ogasun Saila eta, beraz, gipuzkoarren zergak, zer jende motak kudeatzen zituen agerian geratu da. Gai honen larria, bestalde, ezin da ezkutatu Jauregiren aitorpenen egokitasuna ala desegokitasuna dela-eta. Herritarrek, halako jokaera larriak ikusita, babes gabezia sentitzeko arrazoiak dituzte. Bestela esanda, alderdi bereko kideari horrelako joko zikina egiteko prest daudenean, ezezagunei zer egiteko ez ote diren prest egongo pentsatzeko arrazoiak. Areago, datu zabaltze horretaz gain, Irungo Ogasuneko iruzurraren auzia ere kontuan hartzen baldin bada.