GARA > Idatzia > Euskal Herria

Transgenikoen erabilerari «ateak irekiko» dizkion legea alde txikiarekin onartu da

Boz gutxiren aldearekin onartu zuen atzo Asanblea Nazional frantsesak hazi transgenikoen erabilera arautuko duen legea. Ekologisten arabera, «GAOei ateak ireki dizkie». Orain Senatuak berretsi beharko du legea.

Arantxa MANTEROLA |

Eztabaida bizi-bizia izan dute Asanblea Nazionaleko diputatuek transgenikoen, hots, Genetikoki Aldatutako Organismoen (GAO) erabilera arautuko duen legea aztertu dutenean. Alde txikiarekin -249 boz alde eta 228 aurka- onartu zen, azkenean, atzoko saioan.

Senatuak lehen irakurketa egin ostean, otsailaren 8an Asanblea Nazionalera bideratu zuen testua eta hilaren hasieratik jardun dute hori jorratzen. Uste baino luzaroago aritu dira eztabaidan eta hainbat emen-dakinek zalaparta eragin du- te; besteak beste, UMPko diputatu batzuek, beren Gobernuaren iritziaren kontra, emendakin batzuen alde bozkatu dute- lako eta atzoko bozketa orokorrean eskuineko 31 diputatu eta zentroko beste 10 abstenitu egin direlako.

Ekologiaz arduratzen den Estatu idazkari Nathalie Kosciusko-Morizetek berak kalapita eragin zuen herenegun diputatuei alderdi ezkertiarrek aurkeztutako emendakina «zintzotasunez bozkatzeko» eskatu zienean. Parlamentuko hizkuntzan onartzeko irizpidetzat hartzen da esamoldea. Lehen ministroak ez du batere gustuko izan bere jokaera eta barkamena publikoki eskatzeko exijitu dio, hala egiten ez badu Gobernutik botako duela iragarrita.

Emendakin horrek GAOrik gabeko eremuak babestea zuen helburu. Dena dela, Senatuan bigarrengoz aztertuko denean, artikuluaren edukia berriro eskuratuko duela agindu du Fillonek. Zuzenketa hori eta Bioteknologiak kontrolatuko duen Kontseilu Nagusiaren osaketaz eta funtzionamenduaz egindako ñabardurak izan dira oposizioen lorpen bakanetakoak. Izan ere, etiketetan aipatu beharreko GAOen portzentajea edota mota horietako landaketak suntsitzen dituztenei ezarriko zaizkien zigorrak -bi urteko kartzela zigorra eta 75.000 euroko isuna- arautzen dituzten artikuluak bere horretan geratu dira.

Lehen erreakzioak

Eztabaida tribunetatik jarraitu duten ekologistak haserre ziren atzo. Ingurumen ministro berde ohi Yves Cochetek esan zuenez, legeak «Estatu frantseseko lurralde guztietan transgenikoak izugarri hedatzea» ekarriko du. Cochetek, bozkatu aurretik, dei egin zien diputatuei, bereziki eskuinekoei, «kontzientzia klausula» erabil zezaten kontra bozkatzeko. «Atzera bueltarik ez duten ondorioak» ekarriko dituela eta, beren «seme-alabekin gogoratzeko» eskatu zien.

Greenpeace-en ustez, «Frantziako nekazaritza Monsantori saltzeko agiria idatzi» du Asanblea Nazionalak. Senatuak berretsi beharko du orain diputatuek onartutakoa.

MUTRIKU

«Transgenikoen eremu libretzat» aldarrikatu du aho batez Udalbatzak Mutriku herria. Ingurumena, ekonomia eta herritarren osasuna babesteko legeria alda dezala eskatu diote EBri tokiko gobernuei erabakitzen utzita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo