Senideek eta Chávezek esan bezala, Sarkozyren misioak porrot egin du
Senideek eta Hugo Chavézek aurreikusi bezala, Nicolas Sarkozyen misio mediatikoak porrot egin du eta Kolonbiara bidalitako hegazkina bueltan da berriro. Inork gutxik espero zuen ekimenak arrakasta izango zuenik, are gehiago, Raúl Reyes bozeramailea hil eta gero.
GARA |
Nicolas Sarkozy presidente frantsesak abian ipini zuen misioaren aurrean hasiera-hasieratik zalantzati agertu ziren, batez ere Ingrid Betancourten senideak eta Hugo Chávez. Ostiralean, Betancourten ahizpak, Astridek, ekimen horretan zehaztapen ugari falta zirela ohartarazi zuen. Horrez gain, arrakasta izateko Venezuelako presidentea aintzat hartzea beharrezkoa dela nabarmendu zuen. Ildo horretan bitartekari lanetan jarrai dezala eskatu zuen.
Bien bitartean, Chávezek FARC-ekin ez duela aspaldian harremanik izan adierazi zuen. Dena den, Kolonbiako Gobernua eta gerrillaren artean akordioa lortzen laguntzeko borondatea berretsi zuen. Álvaro Uribek bai Chávezen, bai eta Piedad Córdoba senatariaren bitartekaritza etetea erabaki zuen iazko azaroan. Hala ere, urtarrilaren 10ean Clara Rojas eta Consuelo González de Perdomo aske utzi zituen gerrillak. Chávezek bere Barne ministroa bidali zuen Kolonbiako oihanera biak jasotzera. Berarekin batera, Córboda eta Gurutze Gorriko kideak joan ziren.
Prozedura berbera jarraituz, otsailaren 27an lau legebiltzarkide ohi entregatu eta azkenekoak izango zirela argi utzi zuen FARC-ek. Chávezen «benetako kezkaren eta saiakeren» ondorio zirela plazaratu zuen.
Bide horretatik jarraitzeko, akordio humanitarioa aldarrikatu zuen. Horren inguruan eztabaidatu ahal izateko, Florida eta Pradera herrien desmilitarizazioa exijitu zuen. Bogotak, ordea, ezezko biribila eman die aldarrikapen horiei.
Martxoaren 1ean, gerrillak Ekuadorren zuen kanpamenduari eraso egin zion Kolonbiak AEBen laguntzarekin. Bonbardaketan, Idazkaritzaren kide eta nazioarteko bozeramaile izandako Raúl Reyes hil zuten. Estatu frantseseko Kanpo Arazoetako ministro Bernard Kouchnerrek Reyesen heriotza albiste txarra zela eta berarekin harremanetan zeudela adierazi zuen. Ez zen Parisek Betancourten entrega bideratzeko berarekin hitz egiten zuen lehen aldia. 2005ean, Noël Saez Bogotako kontsul frantsesak eta Suitzako Jean-Pierre Gontard-ek, antzeko saiakera egin zuten. Kolonbiak gogor kritikatu zituen Reyesekin izandako hartu-emanak, barne arazoetan «esku sartzea» zirela argudiatuz. Biek misio honetan esku hartu dute.
«Misioaren arrakasta ziurtzat ematetik oso urrun geunden, baina saiakera egin behar zen», aitortu zuen Suitzako enbaxadore Thomas Gremigerek.
Azken hilabeteetan jazotakoa ikusita, Reyesen heriotza bereziki, «konfiantza» berreraikitzea «lan konplexua» izango dela helerazi zuen Piedad Córdobak.
Armadak adierazi zuenez, zortzi militar kolonbiar hil ziren, antza FARCek ipinitako mina landa batean. Bestalde, ELNko lau gerrillari hil ziren Tolima eta Norte de Santanderreko departamenduetan Armadarekin borrokan.