GARA > Idatzia > Euskal Herria

Apirilaren 25a, amnistiaren aldeko konpromisoa adierazteko eguna

Amnistiaren Aldeko Mugimenduko hainbat pertsonak apirilaren 25eko mobilizazio egunean parte hartzeko eskatu zien atzo herritarrei, «Euskal Herriak askatasuna behar du» lema txoko guztietara zabal dadin. Mugitzeko deia egin nahi izan zieten, eraso guztiak amaitzeko eta epaiketari aurre egiteko presio soziala antolatzea beharrezkoa dela deritzotelako. Ikastetxeetan, udaletxeetan, enpresetan, kalean, konpromisoa eskatu zuten eremu guztietan.

p018_f01_250x104.jpg

Maider IANTZI |

«Mobilizazioak eta protestak herri guztietara zabaldu behar ditugu», erran zuten atzo Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideek. Apirilaren 21ean mugimendu honetako lagun ugariren aurka epaiketa egitekoa da Auzitegi Nazionalean, eta epaiketari eta eraso guztiei aurre egiteko biderik eraginkorrena presio soziala antolatzea dela uste dute. Horregatik, apirilaren 25erako Euskal Herri osorako antolatu duten mobilizazio egunean parte hartzeko eskatu zieten herritarrei.

Urte hauetan torturatu dituzten pertsonak, preso ohiak, presoen senideak, errepresioaren ondorioz hil diren lagunen familiakoak, abokatuak... Amnistiaren Aldeko Mugimenduko ordezkaritza bat bildu zen Donostian. Batzuk aipatzeagatik, han ziren Joxean Agirre, Fernando Arburua eta Juanito Trecet preso ohiak; Ion Enparantza, abokatua eta mugimenduko partaidea; eta Iker Sarriegi eta Ainhoa Baglieto abokatuak. Guztien izenean, Pili Aranburu kartzelan egondakoak eta Irati Aranzabal senideak hartu zuten hitza.

«Gu estatuek Euskal Herrian ezarri duten eskubide urraketen, askatasun demokratikoen zanpaketaren eta jazarpen bortitzaren lekukoak gara, eta hau diogunean guk bezala milaka euskal herritarrek bizi izan duten eta bizi duten egoeraz mintzatzen ari gara», hasi ziren.

«Egoera gordin hau erakusten duten adibideen zerrenda amaigabea egin genezake. Gaixotasun larriekin egon arren, erregimen bortitzenean bizitzera behartua dagoen presoa; bizi osorako espetxe zigorra ezarri dioten presoa; isolamendurik gogorrenean bakarturik daukaten presoa; astero bisita labur bat egin ahal izateko milaka kilometro egin behar dituen senidea», azaldu zuten.

«Gu guztiok epaitzera doaz»

Prentsaurrekoan nabarmendu zutenez, XXI. mendean 734 preso politiko dauden herri honetan, aldarrikapen demokratikoa eta egingarria da amnistiaren aldarrikapena, eta aldarrikapen hori doaz epaitzera, aldarrikapen horren aldeko lan politiko eta soziala. «Errepresioaren aurkako jarrera doaz epaitzera, errepresioaren salaketa eta mobilizazio herritarra».

Erran zutenez, milaka pertsonak osatzen duen mugimendua da amnistiaren aldekoa, Euskal Herriaren luze-zabalean adin guztietako herritarrez osaturikoa, eta kolore askotakoa. «Gu guztiok epaitzera doaz. Baina zenbat espetxe gehiago egiteko asmoa dute?». Torturatuek, preso ohiek, senideek, errepresioaren eraginez bizia galdu duten lagunen familiakoek, abokatuek argi utzi nahi izan zuten herri honetan, azken presoa etxean izan arte, Amnistiaren Aldeko Mugimendua egongo dela, herri eta auzoetan antolatua, eguneroko lan isilari lotua.

etxean izan arte

«Herri honetan, azken presoa etxean izan arte, Amnistiaren Aldeko Mugimendua egongo da, herri eta auzoetan antolatua, eguneroko lan isilari lotua».

«Delitua injustiziak salatzea da; seme-alabak babestea»

Nazioarteko albisteetara jo beharrik ez dago bizi osorako zigorrari edo heriotza zigorrari buruzko berriak izateko, Amnistiaren Aldeko Mugimenduko eledunek ohartarazi zutenez. Zigor mota hauen esanahia ongi baino hobeki ezagutzen dutela gogoratu zuten. Euskal herritar ugarik infernua ere ezagutu duela jakinarazi zuten: «Torturatu dituzten 7.000 euskal herritarren testigantzak dira infernu hau zer den erakusten digutenak». Eta, hala ere, «delitua injustizia horiek salatzea da. Gure seme-alabok babestea; presoen alde dirua biltzea; sakabanaketaren amaiera eskatzea; tortura salatzea; kolektiborik jazartuenenganako elkartasuna eta babesa da delitua demokrazia klase honetan», salatu zutenez. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo