GARA > Idatzia > Kultura

«Lanean jarraitzeko aski arrazoi eta gogo dugu bertsoaren jiran gabiltzan eragile guztiok»

Euskal Herrian, antzinatik datorren ahozko jarduera da bertsolaritza; mendez mende gaur egunera arte iritsi den ondare kulturala. Bide horretan Bertso Eskolen jarduerak eragin handia izan du. Urteotako ibilbidearen nondik norakoak lerrootara ekarri nahi izan ditu orain GARAk.

Izaro AULESTIARTE

Historikoki garai berrietara egokitzen asmatzea izan da bertsolaritzaren sekretua, eta, besteak beste, Bertsozale Elkarteak egindako bideak bermatu du gaur egungo gizartean hain sendo eta egoki integratu izana. Elkarteko kideek nabarmendu dutenez, ikusi besterik ez dago zein presentzia duen egungo gizartean eta zein adinetako bertsolariak dabiltzan plazaz plaza. 2005eko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, iazko abenduan egin zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa eta oraindik pil-pilean diren Nafarroako zein Arabako txapelketa bukatu berriak dira horren lekuko.

«Azkenaldian saioetara inguratu den bertsozale kopurua historikoa izan da, eta, parte-hartzaileen batez besteko adina, hogeita hamar urtetik beherakoa da. Hori kontuan harturik, lanean jarraitzeko aski arrazoi eta gogo dugu bertsoaren jiran gabiltzan eragile guztiok; ziur gaude emaitza onak lortzen jarraituko dugula», ohartarazi dute.

Elkartekoek gogoan dute, dena den, ez direla hainbeste urte joan bertsolaritzak jaiotzeko dohaina izan behar zuelako ustea nagusi zenetik: «Duela gutxira arte, bertsotan nola egin erakutsi zitekeela pentsatze hutsa astakeria zen askorentzat, jaiotzatik senean eduki beharreko ezaugarria zela uste zutelako. Laurogeigarreneko hamarkadan, ordea, Xabier Amuriza eta beste batzuen artean, hori horrela ez dela frogatu zuten; bertsotan edonork ikasi zezakeela erakutsi zuten, teknika bati erantzuten ziola, alegia».

Hala jarri ziren abian lehenbiziko Bertso Eskolak, eta horrek ahalbidetu zuen, besteren artean, emakumea ere bertsolaritza munduan sartzea, duela gutxira arte gizonezkoen jarduera izan den horretan. Neska-mutil mordo batek eman zuen izena, eta emaitzak ere berehala agertu ziren: «Gaur egun plazaz plaza dabiltzan bertsolari gehienak Bertso Eskolen emaitza dira, eta esan beharrik ez dago horri esker lortu dugula hain oinarri sendoa eta kalitatezkoa izatea».

Bertsozale Elkartekoek gogorarazi duten bezalaxe, Euskal Herriko Bertso Eskolen errealitatea herri dinamiketatik jaiotako fenomenoa izan da. «Gehienetan, batik bat Gipuzkoan eta Bizkaian, dinamika eta izaera propioa izan dute, herriz herri militantzia lanari esker egituratutako sarea izan da».

Euskal Herrian dauden 60 eskoletan ez ezik, gaur egun, elkartea, «Ahozkotasuna eta bertsolaritza» izeneko proiektuan ere ari da lanean hezkuntza arautuan, zazpi herrialdeetan, eta ia hamar mila ikaslerengana iristen da horren bitartez. «Gainera, ziur gaude bertsolaritzak asko laguntzen duela neska-mutilen heziketarako baliagarriak diren hainbat arlotan: irudimena, ahozkotasuna, sormena, euskararen erabilera, jendaurrekotasuna, diskurtsoaren garapena... Bertso Eskolen helburu bakarra ez da bertsolariak sortzea -ondorioztatu du-. Bertsoak bestelako hainbat ezaugarri garrantzitsu lantzeko aukera ematen du, eta interesgarria iruditzen zaigu ezaugarri horiek baliatzea neska-mutilen heziketarako».

Hilaren 20an Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna antolatu dute Usurbilen, eta 300 bat lagun bilduko dira bertan. Hitzordua baliatua, elkarteko kideek Euskal Herriko gurasoengana iritsi nahi dute, eskola orduz kanpoko Bertso Eskolek eskaintzen dutenarekin. Izan ere, lehen aipatu bezala, ia hamar mila ikaslerengana iristen dira Euskal Herri osoan hezkuntza arautuaren bitartez, eta, diotenez, «nahiko erraz gerturatzen ditugu hitzaren jolasera. Baina, nola ikusten dute gurasoek eskola orduz kanpoko Bertso Eskola? Guk argi daukagu berebiziko funtzioa duela ikasleen garapenean eta gurasoak horretaz gu bezain kontziente izatea nahi dugu», nabarmendu dute.

Arlo horretan, besteren artean, bertsolaritzaren bidez landu daitezkeen esparruak hauek dira: Hizkuntza (testuingurua eta bere egokitasuna, sekuentzia mota eta bere ezaugarriak, erregistro ezberdinak, komunikazio parametroei erantzuten jakitea...); Transmisio kulturala (bertsolaritzaren ondarea, bat-bateko kantua kultura errealitate unibertsal gisa...); Musika; Trebetasun pertsonalak (pentsamenduaren eta nortasunaren garapena, oroimena, sormena...); Trebetasun sozialak (jendaurrekotasuna, lankidetza, dialektika, komunikazioa...).

Etorkizunari begira ere Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak argi du «lan asko» duela egiteko «transmisioari dagokionez». «Orain arte beren kasa aurrera egin duten Bertso Eskolen erreferentzia eta babesa izan nahi du. Baina, bestetik, Bertso Eskolen mugimendua hazteko eta indartzeko, dagokion ahalegina egitea du erronka nagusienetako bat», jakinarazi du. Horiek hala, «materialgintza, irakasleen formazioa, Bertso-Eskolen Sareko koordinazioa... etenik gabe aurrera egitea da helburua. Bide beretik jarraituko dugu datozen urteetan ere, transmisioa baita gure proiektu garrantzitsuenetako bat», nabarmendu dute.

Egun, ekintza asko bideratzen dira Euskal Herri osoan Bertsozale Elkartetik (Bertso Eskolen Egunak, udalekuak, topaketak...). Gero eta ahalegin handiagoa egiten du horretan elkarteak, bai eta datozen urteetan beharrezko izango dituzten ildo estrategikoak zehazten ere, «Euskal Herriko transmisio proiektu bateratu bat egituratzen jarraitzeko asmoz». Horren haritik, atzo bertan Orion Transmisioaren plan estrategikoaren gainean hitz egiteko foroa burutu zuten. Bertan, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko hainbat langilek eta Bertso Eskolen mugimenduko hainbat eragilek hartu zuten parte eta egun osoz aritu ziren gai horren gainean proiektu bateratu baterako bidean.

Aurten, zehazki, ahalegin berezi bat egin du elkarteak Bertso Eskolen funtzionamendua eta gaztetxoenen heziketan duen eragina gizartean zabaltze aldera. «Uste dugu Eskolen funtzio nagusia ez dela bertsolariak sortzea, ez behintzat errealitatean. Beste arlo askotan gertatzen den moduan, asko dira Bertso Eskolan dabiltzan neska-mutilak, eta horietako gehienak ez ditugu plazaz plaza kantuan ikusiko, baina, hori al da gure helburu nagusia? Ez! Badakigu bertsolariak aterako direla, epaileak, gai jartzaileak, bertso zaleak... Baina, gure ikasle guzti-guztiek aterako diote etekina jasotako formazioari aukeratzen duten beste edozein arlotan ere».

Bertsolaritzaren bidez landu daitezkeen arloak ezberdinak dira oso; esate baterako, oinarrizko bi ikasgai dira jende-aurrekotasuna eta diskurtsoaren garapena. Hartara, zera dio Elkarteak: «Nori ez dio mesede egingo arlo profesionalean eta pertsonalean? Azken batean, Bertso Eskolarik pasatu den ikasle batek abokatu izateko bideari ekiten badio, gaizki etorriko al zaio jendaurrean aritzeko baliabideak jasotzea edo diskurtsoaren garapenean trebatu izana? Igeltseroak ere bere zerbitzuak hartzeko konbentzitu beharko du bezeroa, edo futbolariak prentsaurrekoak eman beharko ditu... Ahozkotasuna gero eta ahulagoa den gizarte honetan, bere garrantziaz jabetzera bultzatu nahi ditugu herritarrak, eta bertsoa horren lanketa bide izan daiteke.

60
Eskola

Gaur egun Euskal Herrian 60 Bertso Eskola daude. Bertsozale Elkartearen hitzetan, herri dinamikei esker lortutako fenomenoa dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo