GARA > Idatzia > Kultura

«Bertso Eskolak, batez ere, lagun taldea dira, zaletasun bera duen jende multzoa»

 
Maialen Lujanbio

Bertsolaria

Lujanbiok urteak eman ditu Bertso Eskolan, nahiz eta bertsotan egitearren baino, lagunekin biltzeagatik joaten zen askotan. Izan ere, bertsolariaren ustez, eskolek mesede handia egiten diete gaztetxoei; arrazoiketa lantzeko balio dute, garapen pertsonalerako...

Gertutik ezagutzen dituzu zuk Bertso Eskolak, zein izan da zure esperientzia hauetan?

Ni ikastolan hasi nintzen bertsotan, ikasgelako lagunekin hitzekin eta doinuekin jolasean, bertso itxurako batzuk egiten. Eta hori dela-eta, ikastolako Bertso Eskolan sartzea proposatu ziguten. Hamaika urte nituenetik ibili naiz ikaskolako Bertso Eskolan lehenik, eta ikastola utzitakoan, Hernaniko Bertso Eskolan. Azken fase horretan egia esan, ez nintzen oso langile aritu. Joan, joaten nintzen, baina gehiago jendearekin egotearren bertsotan egiteagatik baino, egia esan.

Hori ere badute Bertso Eskolek, ezta? Lagun taldea biltzeko gaitasun hori, alegia.

Horrela da bai, bai orduan baita orain ere. Izan ere, azkenean mundutxo bat konpartitzen duen jende taldea biltzen gara bertan.

Bertsozale Elkartekoen iritziz gaur egun plazaz plaza dabiltzan bertsolari gehienak Bertso Eskolen emaitza dira, eta horri esker lortu da oinarri sendoa eta kalitatezkoa izatea, ados al zaude baieztapen honekin?

Zalantzarik gabe. Gu hasi ginenean bertsolaritza galtzen ari zela esaten zen oraindik ere, eta, alde horretatik, argi dago Bertso Eskolen sorrerak gauza asko ekarri dituela; batetik, osasuna eman dio arte horri; bestetik, bertsolaritzaren gaztetzearekin ere diskurtsoen nolabaiteko aktualizazioa. Modernizatzea, jende gaztea ekarri izana... Iraultzatxo bat ekarri du jende gaztea sartu izanak.

Bertsolariak sortzeaz gain, hortaz, eskolek ekarri dituzte beste mesede batzuk.

Bertso Eskolak, batez ere, lagun taldea dira, zaletasun bera duen jendea da: hizkuntza edo hizkuntzaren jolasa gustuko duen  taldea da. Hitzen jolasaren plazera konpartitzen da eskoletan.
Barne munduan ere bidaia bat egiten laguntzen dute, zure arrazoiketa lantzen, gauzen aurrean kokatzen ikastea eta  dialektika berean lan egiten laguntzen du, besteak beste. Garapen pertsonalerako ere oso egokiak dira.I.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo