GARA > Idatzia > Athletic

«Helburua UEFA jokatzea da, eta Intertoto bidez sartzea ere ondo dago»

p047_f01_111x111.jpg

Igor Gabilondo

ATHLETICEKO JOKALARIA

Donostia (1979). Añorga auzoko jokalariak, Realeko harrobian hasi, eta, 21 urte zituela talde txuri-urdinaren elastikoarekin egin zuen debuta Lehen Mailan. Bertan, Liga irabazteko lehia, zein Bigarren mailara jaisteko borroka ezagutu zituen. Anoetan zazpi urtez jokatu ondoren, 2006ko udan Athleticekin akordioa lotu zuen. Bilbon, jada, 58 partida jokatu eta zazpi gol eskuratu ditu.

Beñat ZARRABEITIA |

Gainkarga bat zuela hasi zuen astea Igor Gabilondok. Añorgarrak taldekideak baino erritmo motelagoan egin zuen lan ostegunean; ondoren, GARArekin aritu zen solasean.

Taldeak 43 puntu lortu ditu eta mailari eustea esku-eskuan dago. Zazpi jardunaldiren faltan, azkeneko bi urteetako zoria behingoz atzean geratu dela esan liteke?

Bai. Egia esan, matematikoki libre ez gauden arren, normalean 43 puntu nahikoak izaten dira. Gainera, zazpi partida falta dira oraindik; horrek, aurten, denboraldi bukaera lasaia izateko aukera izango dugula esan nahi du.

Lasaia bai, baina azken sei norgehiagoken ildoari eutsiz gero, beste helburu handiagoetan -Europan- pentsa daiteke denboraldi bukaerari begira?

Tira, hori denborak esango digu. Taldea dinamika onean dago, baina seigarren postuan dagoen taldeak distantzia ederra dauka oraindik. Guk puntuak lortzen saiatu behar dugu eta, horrela, agian, baten bat harrapatu eta gainditzeko aukera izango dugu.

Sevilla bost puntura dago, baina Intertotoko postuetan dagoen Espanyol bira.

Bai. Intertoto jokatuta, UEFA joka daiteke, beraz, beste aukera bat da. Zuzenean sartu nahiko genuke, baina, azkenean, helburua UEFA jokatzea da, eta Intertotoaren bitartez sartu behar badugu, hala sartzea ere ondo dago.

Bide horretan, igandean beste partida bat dago Riazorren Deportivoren aurka. Zuen moduan, oso une onean dagoen taldea da , nahiz eta eurei buruz Espanyolen inguruan bezainbeste ez den hitz egin. Aurrekoa lehia baino zailagoa izan daiteke.

Azkenean San Mamesetik kanpo izango da eta Deportivo, Espanyol ez bezala, garai onean dator. Konfiantza topera izango dute, matematikoki ez daude salbu oraindik, puntuak behar dituzte. Nire ustez, hori igarri egingo da zelai barruan. Hala ere, gure esku daukagu, azkeneko partidetako mailari eta eraginkortasunari eusten badiegu, partida irabazteko aukera izango dugu.

Bolada on horretan nabarmendu beharrekoa da jokalari gazteen aurrerapausoa. Eskarmentu handiagoa duzuenok, zelan ikusten duzue egoera?

Kontu arrunta da. Talde guztietan, etengabe, jokalari berriak sartzen dira, zaharrak atera egiten dira, eta errotazioak gero eta ohikoagoak dira. Gainera, jokalari gazteak behin esperientzia apur bat lortuta, gero eta gauza gehiago egiten hasten dira. Gure kasuan maila oso ona erakusten ari dira, eta hala jarraitzea espero dugu, hori Athleticentzat oso onuragarria izango baita.

Maila pertsonalean, duela bi hilabete taldetik kanpo zinen, baina orain, bolada on horrekin batera, berriz ere hamaikakoetan ageri zara. Zer balorazio egiten duzu denboraldiaz?

Une okerrak egon dira, baina orain gustura nago; jokatzen ari naiz eta konfiantzaz beterik nago. Aurten inoiz baino lesio eta arazo fisiko gehiago izan ditut, eta ez nago horretara ohituta. Normalean, ez dut sarritan min hartzen, eta arazo horiek direla-eta, beharbada, kostatu egin zait taldean sartzea, baina jokatu ditudan partidetan oso gustura aritu naiz.

Valladoliden aurkako bi golak egin zenituen, Espanyolen kontra Garmendiari asistentzia eman, protagonista ere izan zara.

Taldea maila ematen eta irabazten dabilenean jokalari guztiak ondo ari direlako da eta ni horrekin gustura sentitzen naiz.

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo