Emakume gazteek sarea osatu dute feminismoari ekarpena egiteko
Oihana LLORENTE | BILBO
Euskal Herriko IV. Jardunaldi Feministen karietara, emakume gazteek beren asanblada propioa egin zuten ostiralean, Bilboko Kukutza gaztetxean. Esparru desberdinetako eta hainbat herrialdetako 200 emakume gaztetik gora bildu ziren bertan, bizi duten egoera aztertu, eta pairatzen dituzten diskriminazio egoerei aurre egiteko asmoz. Asanbladak lau ordu iraun bazituen ere, motz gelditu zitzaien, beraz, Euskal Herriko emakume gazteen III. Topaketak egitea ebatzi zuten aho batez.
Topaketa horiek heldu bitar-tean, onartu zuten lan eskerga dutela egiteke, eta beren arteko harremana sustatzeari eta egituratzeari begira sarea osatzeko konpromisoa hartu zuten. Nazio mailako sarea eratuko dute eta Internet bidez lanean hasiko dela iragarri zuten.
Hainbat ondorio
Emakume gazteek berdintasu-naren belaunaldiaren parte izatea «garesti ordaindu» dutela ondorioztatu zuten, eta kolektibo zapaldua izanik, askotan horren kontzientziarik ez dutela nabarmendu. Haatik, berrehun lagun inguru asanbladara ber-taratzea aurrerapauso «itzel» gisa jo zuten. Hargatik, asan- bladatik hainbat ondorio ate- ra, eta horiek betetze bidean, hainbat urrats ematea aurreikusi zituzten.
Mugimendu feminista indartzea ezinbestekoa dela ondorioztatu zuten asanbladan bildutakoek; eta erreferentzia feministaren baitan gazte ge- hiago egoteari «ezinbesteko» iritzi zioten, «gazteria bertan identifikatuta sentitu dadin». Gazte eremuan lanean jarduten duten eragileetan ere borroka feministarekiko dagoen konpromisoa sustatu eta hedatu behar dela onartu eta, horretarako, emakumeen arteko aliantzak egituratzeaz gain, eragileen arteko elkarlana bultzatzea ebatzi zuten.
Jasotako hezkuntzaren ondorioz, diskriminazio egoerez ohartzeko zailtasunak begi-bistakoak direla uste dute, eta, hori gainditzeko, kontzientziazio dinamika komunak sortzeko apustua egin zuten; horien artean, formazio eta eztabaidarako espazio berriak sortzea.
Emakumeek jasaten duten indarkeria ere izan zuten hizpide asanbladan, eta indarkeria hori zabala eta era askotakoa izan daitekeela adierazi zuten. Gerta daitezkeen erasoen aurrean, erantzuteko planteamendu komun bat adosteko premia dagoela ere azaldu zuten.
Kukutzan bildutakoek argi dute jasan behar duten zapalkuntza patriarkalaren aurrean «jendartea eraldatu» beharra daukatela; lan horretan gainera, gakoa harreman eredu berriak eraikitzea dela azpimarratu zuten. Alta, errealitatea eraldatu aurretik, bizi duten errealitatearen jabe izan, eta egoera hori zabaldu beharra dagoela baieztatu zuten gazte emakumeek. Ostiraleko bilkuran egin bezala, orain emakumeek bizi duten egoera hori herriz herri lau haizeetara hedatu beharko dute.
Etorkizunari begira lan andana egiteke dagoela-eta, ostiraleko asanblada abiapuntu gisa kokatu zuten, bertan adostutako konpromisoei eutsi, sarean elkartu eta datozen topaketetan elkar ikusiko dute.
Kukutza gaztetxera hurbildutako neska gazteek lau lan-talde osatu zituzten, feminismoaren ikurraren kolorearen arabera. Lagunengandik banatuta, baina lan-taldeetan lagun berriak egin bezain pronto, gogoz heldu zioten eztabaidari. Hasierako lotsak kentzeko, ariketa ezin hobea zuten zain: parodiak egitea.Etxean eta familiartean bizi ohi diren hainbat egoera; ikasketak hautatzerako orduan aintzat hartzen diren balio eta rolak; estetikak emakumeen bizitzan duen garrantzia eta gazte asanbladetan bertan gertatzen diren egoera diskriminatzaileak antzezteko lana jarri zieten. Hasieran lotsati aritu baziren ere, ikus-entzuleen txalo zaparrada eta algara eta animoen laguntzaz, barruan zuten aktorea atera, eta primeran aritu ziren aita atzerakoiaren papera edota parrandan agertu den mutil «babosoa»rena egiten. Eztabaida sutsuak piztu ziren ondoren, antzeztutako egoerak, bakoitzaren esperientzia pertsonala baino, guztiek bizi izan duten errealitatea dela argi utzita.
Lan taldeen ostean, gozatzeko aukera izan zen, Ain neskez osatutako musika taldeak doinu goxoak eskaini zituen, Kukutzan bertan egin zuten afari begetaranianoaren sarrera gisa. Barre eta algarek oheratze garaia beranduarazi zuten arren, fin aritu ziren neska gazteak atzo Portugaleten ere.