GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Ezinezkoaren ertzean

Aste honetan burua mila saltsatan izan dut sartua, hango eta hemengo saltsetan sartua ere, inongoan ezinbesteko osagaia izan gabe, hori ere aitortu beharrean nago. Baina momentua zait heldua zorroztarriaren aste honetako harria hitzez gizentzeko. Eta hemen naiz, mahaiaren gainean aste honetako egunkariak zabal ipinita, orriak atzera orriak aurrera, komunean bezala, nire teklen gustukoa izan daitekeenaren bila. Edo hobeto esanda, nire atzamarren gustukoa, azken finean teklak bitartekari hutsak baino ez dira. Edo zehatzago esanda, nire atzamar biren gustukoa, gainerako zortziek ez baitute teklarik ezagutzen; lanbide-heziketatik pasatua ez naizen seinale. Aitortzen hasita aitortu behar dut ere hainbeste orriri, politikakoak barne, errepasoa eginda ez dudala nire gustuko bide-orria topatu, inon topatu ere ez, baina hori beste kontu bat da. Tira, harira! gaurko harria gizentzen praka bete lan dut eta! Utz dezadan, beraz, beste baterako harrobi politikoaren betelana. Non nengoen? bai, gustuko albisteen bila. Hona, Euskal Herriko Itzulia! Primeran! pentsatu dut kolpe batean, baina ez, kirol orriko kontua izan da, ez da politika orriko Euskal Herriaren Itzulia izan. Itzuli honek itxaron beharko du, dezente itxaron ere, politikako txirrindulariek aparteko bide-orria behar dute eta. Gaurko mapa politikoetan existitzen ez den bide-orria, mitxelinek egindakoetan batez ere; talde guztietan gregario-morroi ugari diren seinale, abiadura handiko talde-buruak diren seinale, aldapa transgenikoak lehenesten diren seinale, euskara itzulpenerako hizkuntza den seinale. Ez, Euskal Herria ez da itzuliko telekomunikazio-enpresen bitartez, urruneko komunikazio neurtua inportantea izanda ere. Ene, ene!

Beste zer edo zer behar dut zorroztarriarentzat. Horra, beheko estatuburuaren azkena; euskal gizartearen %51rekin ez dela trenera sartuko, ziurgabetasunez betetako abentura bidea izango delakoan. Kontuak atera, AHTk babes gutxiago du eta! Tira, harira! Hauxe kolpea buru horrena! %51rekin ez baina %49rekin trenean joan bai, ziurtasunez betetako bide segurua delakoan. Jakina! euren trenbidea izanik! Eta euren nasa! Portzierto, irakurri gaur Zazpika, Nasa bera ziurgabetasunak jota dago! Eta? gu nasai hortaz. Beharbada abentura bera da irtenbidea, Ezinezkoaren Ertzean saiatzea. Nork bere ezinean. Nork bere ertzean. Baina saiatzea, eta tropelean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo