GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Ainhoa Etxaide eta Itziar Lopategi (*) Ezker abertzaleko emakumeak

Emakumeok gure eskubideen defentsan bat eginez

Ezkerrak berdintasun faltsuaren kontrako eta feminismoaren aldeko borroka bere gain hartu behar duelakoan gaude. Ezkerrak egungo proiektuan daukan ikasgairik garrantzitsuena feminismoaren birkokapena eta ideologia feministaren balorazioa dela esatera ausartzen gara

Sobera ezaguna dugun lelo klasiko bat datorkigu maiz burura: «lo personal es político». Gure ustez lelo huts bat baino gehiago, feminismoak ezkerreko mugimenduari eta, oro har, praktika politikoari egindako oinarrizko ekarpen teorikoa da. Izan ere, historian zehar feminismoak aipatu gabeko errealitateak izendatu ahal izateko termino eta kontzeptu berriak sortu behar izan ditu.

Feminismoaren ekarpenak ez dira mugatu ezkerraren eremu teoriko-ideologikora, praktika politikoari begira ere funtsezko ekarpenak landu dira. Eta, zoritxarrez, askotan, ezkerreko mugimenduetan hori ahaztu egin da. Ezkerrak ez du borroka feministaren izaera politikoa aitortu. Ezkerra, berez, definizioz, feminista den baieztapena oso zabalduta dago. Baina, ezkerraren barruan, ideologia patriarkalak erreproduzitzen dituen hainbat eskema zaharkitu iraunarazten dira. Esate baterako, neoliberalismoak sustatzen duen berdintasun formalaren bidez, emakumeon zapalkuntza konponduko den ideia, edota emakumeon eskubideen urraketaren arazoa gizon batzuen matxismoa baino ez dela.

Berdintasunaren diskurtso faltsua erakundetzen joan den heinean, feminismoak iraganean zeukan zentzu edo balio sozio-politikoa galdu egin du neurri handi batean. Feminismoaren despolitizazioa bultzatu da. Egungo politika instituzionaletik sustatzen den berdintasuna ez da erreala, formala baizik. Izan ere, berdintasunaren erakundetzeak ez du ekarri hobekuntza nabarmenik emakumeon bizi-baldintzetan. Eta, hau gutxi balitz, berdintasunaren mezu eta irudi faltsu horren bidez kontzientzia feministaren gabezia orokortzen ari da, baita politika ezkertiarrean ere.

Historikoki ezkerrak eraldaketa proiektuetan estrategia feminista baten oinarriak jaso baditu ere, ez zaio inolako lehentasunik eman, eta emakumeen eskakizunak praktikan aurrera eramateko estrategiarik ez da eraiki. Gure aburuz, ezkerra bere estrategia feminista aztertu eta definitzeko gauza ez bada, bere egitasmo osoa zalantzan jarriko du. Horrexegatik ezkerrak berdintasun faltsuaren kontrako eta feminismoaren aldeko borroka bere gain hartu behar duelakoan gaude. Ezkerrak egungo proiektuan daukan ikasgairik garrantzitsuena feminismoaren birkokapena eta ideologia feministaren balorazioa dela esatera ausartzen gara.

Sistema patriarkala, sistema ekonomiko neoliberalarentzat oinarrizko eta ezinbesteko zutabea izanik, emakume eta gizonen arteko botere harremanak edozein analisitan (politikoa, ekonomikoa, soziala, kulturala...) kokatzea funtsezkoa da. Emakumeon egoerak ezin du denbora gehiago iraun sasi konponketekin. Ezkerra feministatzat definitu behar da eta feminismoaren balioetan eraikitako jendartea aldarrikatu eta bultzatu behar du.

Lehenik eta behin, ezkerraren barnean estrategia feminista praktikoa sortu behar da eta mugimendu feminista eraldaketa sozialerako subjektu politikotzat hartu behar da. Gainera, feminismoari eta balore feministei balio politikoa ematea funtsezkoa da.

Bigarrenik, itxurazko berdintasun honen aurrean, emakumeon eskubideen aldeko borrokak lehentasunezko borroka izan behar du. Borroka feminista gure agenda politikoan lehentasun moduan kokatu behar dugu. Integral eta zeharkakotasunezkoa izango den lan feminista garatuz.

Hirugarrenik, jendarte eredu berri baterantz aurrera egiteko, ezkerreko emakumeon arteko aliantza feminista premiazkoa zaigu. Eta, ibilbide honetan, mugimendu feminista eta ezkerraren artean aliantzak ezartzea ezinbestekoa izanen da.

Azkenik, ikuspegi hau txertatu ahal izateko ezkerreko mugimendua subjektu feminista bilakatu behar dugu. Ildo honetan, ezker abertzaleak erronka horri heltzeko konpromisoa hartu zuen duela urte batzuk eta aurrerapausoak eman ditugun arren, lan handia dugu egiteke.

Jakin badakigu bidea luzea dela, baina pixkanaka urratsak ematen ari gara. Ildo horretan, Euskal Herriko IV. Jardunaldi Feministak, ikuspuntu politiko-feminista eta nazionaletik, esangura garrantzitsua duela uste dugu.

Feministen topalekua eta emakume anitz eta ezberdinen esperientzien elkartrukatzeko espazioa izateaz gain, Euskal Herriko emakumeon egoera aztertzeko gune garrantzitsua da. Halaber, emakumeon eskubideen urraketa ezberdinen aurrean alternatibak eta praktika politikoak zehazteko gunea delakoan gaude. Eta, jakina, mugimendu feministaren eragiletza sozio-politikoa (subjektu politikoa) aitortu eta indartzeko gunea izanen da.

Beste aldagai bat ere aintzat hartu behar dugu: Euskal Herriko testuinguru politikoa. Euskal herritarrok aldaketa politikoaren garaian gaude eta abagune politikoak sekulako aukerak eskaintzen dizkigu emakumeon burujabetzari dagokionez. Aldaketa politikoaren subjektuetariko bat emakumeok osatu behar dugu eta egungo testuinguruan mugimendu feministak dagokion eragiletza sozio politikoa eskuratzeko aukerak nabarmenak dira.

Halaber, emakumeon eskubideen urraketa estrukturalaren aurrean eskubideen aldeko borrokaren balioa eta ezinbestekotasuna gero eta agerikoagoa da. Bide horretan, mugimendu feministak definitu duen Euskal Herriko Emakumeen Eskubideen Karta emakume guztion lan tresna izanen dela sinesten dugu.

Beraz, emakumeon askatasuna lortzeko oraindik bide luzea dugun arren, aukera paregabeak ditugu emakumeon eskubideen borrokan guztiok bat egiteko eta urrats esanguratsuak emateko.

(*) Ainhoa Etxaide eta Itziar Lopategiz gain Marine Pueyo, Arantza Urkaregi eta Ainara Bakedanok ere sinatzen dute artikulua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo