Emakumezkoak Kopa
Getxok erraz menderatu du Gaztedi, eta finalean izateko lehen urratsa eman du
J.L. | DONOSTIA
Getxok emakumezkoen Kopako finalean izateko lehen urratsa eman zuen atzo Faduran Gaztedi Gasteizkoari 29-0 irabazita. Itzulerako partida hemendik bi astera jokatuko da Arabako hiriburuan, baina atzokoa ikusita ez dirudi bizkaitarrek finala jokatzeko arazorik izango dutenik.
Lehen minutuak orekatuak izan ziren, aurrealdeko jokalarien arteko borroka izan zen nagusi, baina etxekoak apurka-apurka partidan agintea hartzen hasi ziren, eta atsedenera joan aurretik, 10 puntu egin ahal izan zituzten, beraz, atseden hartzera 10-0koarekin joan ziren. Emaitza alde zutela, bigarren zatian etxekoak lasaiago aritu ziren, eta hemeretzi puntu gehiago lortu ahal izan zituzten. Emaitzak erakusten duen moduan, bizkaitarrak gehiago izan ziren, eta ongi merezitako garaiperna lortu zuten. Atzokoa ikusita, garbi dago Gaztediri oso zail egingo zaiola emaitza horri buelta ematea.
Getxon, honako hauek jokatu zuten: Ruiz, Fernández de Arroyabe, Rincón, Rueda, Nuria, Moral, Jiménez, Pérez, Rodríguez, Cal, Elorriaga, Estañol I, Estañol II, Pla eta Mendiguren. Gero, Yago, Maso, Hernández eta Soto ere aritu ziren.
Gaztedin, hauek jokatu zuten: Segredo, Suso, Bengoa, Uriarte, Villareal, Ibañez de Gauna, Apellaniz, Otxoa de Azpiru, Mayo, Santano, Mendia, Cid, Arregi, Pérez de Paloma eta Garate. Ez zuen aldaketarik egin.
Rodríguez, Pla(2), Estañol I, Rincon izan ziren Getxoko entseguen egileak, eta Calek bi transformazio lortu zituen. 150 ikusle izan ziren harmailetan.