GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskararen erabilera sustatzeko akordioa sinatu dute Bergarako 81 elkartek

«Bergaran euskaraz eingou» izeneko akordioa sinatu zuten atzo herriko 81 elkartek, hizkuntza nazionalaren erabilera bultzatzea xede duena. 90eko hamarkadan abiatutako ekimen batean du oinarria hitzarmenak, eta azken bi urteotan egindako lanaren emaitza da.

GARA |

Euskararen erabilera sustatzeko hitzarmena sinatu zuten atzo Bergarako udaletxeko batzar aretoan, jendaurreko ekitaldian. Akordio honen oinarrian 1991n lortutako beste bat dago, Euskara Bultzatzeko Hitzarmena, hain justu, ume eta gazteekin lan egiten duten herriko hainbat elkartek sinatua.

Lau urte geroago, 1995ean, bigarren sinatze ekitaldia egin zuten. Bergarako Udalak jakinarazitakoaren arabera, 1998ra bitarte, udal teknikari baten laguntza eta jarraipenarekin, «aurrerapauso nabarmenak egin ziren egitasmoan parte hartu zuten herriko talde eta elkarteen artean, batik bat ume eta gazteen eskolaz kanpoko munduan euskara bultzatzearen aldetik». Baina ordura arteko jarraipena, iturri horien beren arabera, alde batera utzi zuten 98an, Udaleko Euskara Zerbitzua «beste arlo batzuetan» lanean hasi zela argudiatuta.

Horren ondorioz, 1991tik 98ra bitarteko esperientzia hura «positibotzat» jota eta abiapuntutzat hartuta, 2006an Gipuzkoako herri horretako elkarteetan euskararen erabilera bultzatzeko diagnostikoa egitea erabaki ei zen. Urte horretan eta hurrengoan, iaz alegia, herriko 73 elkarte eta talderekin izan zuen hartu-emana Udalak, «beren egoera- ren berri jasotzeko eta asmoa azaltzeko».

Talde horien egoera eta premiak kontuan izanda, horretarako prest izango liratekeen artean sinatuko litzatekeen hitzar- mena prestatu eta elkarteei eskaini zitzaien.

Lan horren guztiaren ondorio izan zen atzo eguerdiko sinadura ekitaldia, 81 elkarteren babesarekin egindakoa. Hala ere, Udalak berak nabarmendutakoaren arabera, oraindik akordioarekin bat egin ez duten taldeek, hala nahi izanez gero, aukera izango dute aurrerantzean sinatu ahal izateko.

zabalik

Udalaren arabera, oraindik sinatu ez duten herriko taldeek aurrerantzean ere izango dute aukera hitzarmenarekin bat egiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo