GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Harri - Jasotzea | Marka saiakera

Sardonek 125 kiloko zilindro zaharra bizkarreratu nahi du

Urnietako kirolariak helburua lortzen badu, orain arte emakume batek jaso duen harririk handiena izango da. Orain arteko marka Urkiolak dauka, 120 kilorekin.

p052_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Marijose Sardonek orain arte emakume batek inoiz jaso duen harririk handiena jasotzeko asmoa du. Urnietarra 125 kiloko zilindro zaharra bizkarreratzeko asmotan dabil. Ekinaldia, etzi izango da, 19.30etik aurrera Euskal Telebistan, «Honelakoa da bizitza» saioan.

Gipuzkoarrak Miren Urkiolak duen marka gainditu nahi du. Bizkaitarrak 120koa jaso baitzuen pasa den abenduan Zestoan, eta orain Sardonek helburua beteko balu, errekorra berea izango litzateke.

Urnietarra itxaropentsu dago, baina kezka bat ere badu. Pasa den ostiralean egin zuen entrenamenduan zain-tiratu bat izan zuen sorbaldan, eta horrek sortzen dizkio kezkarik handienak. «Beti badut zerbait. Oso gustura nenbilen, baina azken orduan arazo hau sortu zait. Hala ere, ongi izatea espero dut. Masajeak hartzen eta tratamendua egiten ari naiz», esan zuen.

Sorbaldan duen arazo hau ez da bakarra. Belaunean ere badu lesio zahar bat, eta horrekin ari da lanean aspaldian: «Belauneko lesioa zaharra da. Tratamenduarekin nago, baina nahiko ongi nabil. Agian atseden gehiago beharko nuke, baina ni lanerako gogoz nago. Ebakuntza txiki bat eginda ere erabat osatuko litzateke, baina oraingoz aurrera egiteko asmoa daukat», aitortu zuen.

Marka saiakera telebistako plato baten egitea ez da ohikoa, eta kontua nondik datorren esan zigun: «Aspaldi esan zidaten marka bat egiteko telebistan. Orduan, belaunak arazo gehiago ematen zizkidan eta ez nintzen ausartu. Orain beste aukera hau heldu da, eta aurrera egitea erabaki dut», esan zuen.

Lekua oso ezberdina izango du, eta azkenaldian izan duena baino ikusle gutxiago ere izango ditu bertan; honek ere, joan den lekuan plazak bete baititu: «Horrela da. Platoan familiako batzuk izango dira eta lagun batzuk ere bai, baina ilusio handiarekin nago. Orain arte leku guztietara moldatu izan naiz, eta hemen ere moldatuko naizela uste dut», onartu zuen.

Orain arte Sardonek Urkiolaren markak apurtu ohi izan ditu, baina bere bideari ekin behar diola ere onartu zuen: «Orain arte bera izan da nire erreferentzia, eta horrela egin dut, baina hemendik aurrera nire bideari ekin nahiko nioke», esan zuen. Etzi, jasoaldi bat ematearekin konformatuko lizatekeela ere esan zuen: «Oraingoz batekin konforme. Gero, bertara joandakoan ikusiko dugu. Bat ongi jasotzen badut, eta nire burua ongi ikusten baldin badut, akaso besteren batekin ere saiatuko naiz, baina hori unean bertan ikusiko da, eta hasieran, behintzat, baten bila joango naiz», adierazi zuen kirolari gipuzkoarrak.

Arazoak

Sardonek sorbaldan min hartu zuen ostiraleko entrenamenduan, eta horrek kezkak sortzen dizkio. Hala ere, etzirako ongi egongo dela uste du, eta marka lortuko duen itxaropen osoa duela adierazi du.

Telebistan

Errekor saiakerak egiteko ohiz kanpokoa lekua bada ere, gipuzkoarrak telebistako platoan egingo du marka saiakera. Hori etzi izango da ETB1en, «Horrelakoa da bizitza» saioan, 19.30etik aurrera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo