GARA > Idatzia > Editoriala

«Saihestezina» saihesteko bidean

Erakunde publikoen diskurtsoa aintzat hartuz gero, Abiadura Handiko Trenaren proiektua positiboa, beharrezkoa edo garrantzitsua baino gehiago, saihestezina da. Hori da behintzat agintariek iritzi publikoari sinetsarazi nahi diotena. Bai proiektu horren aurka daudenei, bai trena egitearen alde daudenei. Baina, batez ere, informaziorik ez duen eta proiektu horri buruz iritzi jakinik ez duen horri sinetsarazi nahi diote honezkero berdin diola zein den bere jarrera. Azken batean, herritarrek nahi ala nahi ez, trena egin egingo dela, eta «saihestezina» den heinean alferrik dela jarrera bat edo beste hartzea, baldin eta zuzenean eragiten ez badie. Hain zuzen ere, erakunde publikoek beren funtzioa bete ez dutelako, proiektuari buruzko informazioa eman ez dutelako, era batean edo bestean gizarte osoari eragingo diola ez dutelako esan, eta gardentasunaren ordez opakutasuna hobetsi dutelako, gehiengoa dira Euskal Herrian AHTari buruz iritzi jakinik ez duten herritarrak. Eta, jakina, bozkatzen duten alderdiaren jarrera berbera ez daukatenak, edo derrigor, behintzat, izan behar ez dutenak.

Erakunde publikoek bultzatu duten egoera tamalgarri hau konpontzeko Euskal Herrian zehar talde anitz eta herritar soilak trenaren aurka egiten ari diren lana azpimarratu behar da. AHT zalantzan jartzeko arrazoiak ugariak dira-eta. Adibidez, atzo bertan 2.000tik gora helegite aurkeztu zituzten Ordizia-Itsasondo tartearen aurka. Helegiteen artean kaltetu zuzenak diren Itsasondoko eta Legorretako udalenak zeuden, baita eskualdeko enpresa garrantzitsuena den CAFeko enpresa batzordearena ere. Paradoxikoki, CAF enpresak trenak egiten ditu, baina bertako sindikatuek ez dute AHTk eragingo lituzkeen kalteentzako justifikaziorik ikusi.

Egitate horiek guztiek argi uzten dute Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta espainiar Gobernuak auzi honetan erakutsi duten urduritasunak baduela funtsik, proiektua gizartearentzat ez delako nahitaez positiboa, ez beharrezkoa, ez garrantzitsua eta, are gutxiago, saihestezina.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo