GARA > Idatzia > Kultura

Gipuzkoako bihotzak taupaka jarrai dezan, Arantzazu Gaur fundazioa sortu dute

Arantzazu Gaur fundazioa sortu zuten atzo ofizialki Gipuzkoako Foru Aldundian. Hemendik aurrera erakunde hori izango da Arantzazu kudeatzeaz arduratuko dena, betiere parajeak dituen balio espiritual, kultural eta naturalak iraunaraztea helburu.

p054_F01_97X164.jpg

Martin ANSO | DONOSTIA

Arantzazu Gaur fundazioa frantziskotarrek, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Oñatiko Udalak eta Mondragón Corporación Cooparativak osatzen dute. Horien ordezkari, José Mari Arregi, Markel Olano, Lurdes Idoiaga eta José Ignacio Garate bildu ziren atzo Donostian, eta fundazioa eratzeko eskriturak izenpetu zituzten. Iñaki Galdos ere hor zen, hemendik aurrera fundazioko kide izango baita.

Arantzazu Gaur-en helburua «Arantzazuren sustapena eta eraberritzea bultzatu, dinamizatu, kudeatu eta koordinatzea da, orokorrean eta etorkizunera begira, santutegiaren nortasun printzipioak eta frantziskotarren printzipioak errespetatuta, eta aldaketa soziokulturalekiko jarrera irekiarekin».

Azken batean, Gipuzkoarentzat eta, oro har, Euskal Herriarentzat bereziki adierazgarria den paraje horren geroa bermatzea da helburua, eta, horretarako, haren balio espiritual, kultural eta naturalak zaindu eta sustatu nahi dituzte. Hori izango da hemendik aurrera fundazioaren eginkizuna.

Oraingoz, Arantzazuko zerbitzuen kudeaketa eta ustiapena zuzenduko ditu fundazioak, hala nola: Gandiaga Topagunea 1, ostatua, denda, bide azpiegiturak, eta aparkalekuak.

Halaber, Gandiaga Topagunea 2 abian jarri, sustatu eta garatu beharko du. Hor hainbat ekipamendu jarri nahi dituzte, esaterako, Aratz-Aizkorri parke naturaleko parketxea, Arantzazuren historiari buruzko erakustokia edota kultura sortu, ekoitzi eta hedatzeko zentroa.

Beste proiektu batzuk ere badarabiltzate. Adibidez, Arantzazuko bidexka seinaleztatuen sarea zabaltzea, edota santutegia- ren beste erabilera edo espazio batzuetarako azterlanak egitea (mendiko aterpea, Arantzazuko Katedralak deitutako espazioa eta denda zaharra).

«Urrats garrantzitsua»

Markel Olano ahaldun nagusiaren hitzetan, Arantzazu Gipuzkoaren «arima edo bihotza» da. Datozen hamarkadetan bihotz horrek taupaka jarrai dezan, «Arantzazu sozialki eta ekonomikoki ere bideragarria egiteko baldintzak eta bitartekoak sortu behar dira». Horretarako beharrezkoa da elkarlana, eta elkarlanaren bidean «urrats garrantzitsua» da atzo eratu zuten Arantzazu Gaur fundazioa.

Arantzazuko probintzia frantziskotarraren ordezkari José Mari Arregik ere fundazioa sortu izana gerorako urrats garrantzitsua dela esan zuen. «Urtetan jardun gara Arantzazu, altxor bezala, jendearentzat zabaldu nahian, eta kosta egin zaigu, baina oraingoan bide ona aurkitu dugula uste dut», adierazi zuen Arregik.

Arantzazuk balio desberdinak dituela berretsi zuen, baina haiei, fraile bezala, batez ere balio espiritualak lantzea dagokiela nabarmendu zuen. «Gaur egun horren egarria dago. Jende askok zerbait gehiago bilatzen du Arantzazun eta, horretan, gu ahal dugun neurrian emateko prest gaude», esan zuen.

Oñatiko alkate Lurdes Idoiagak eta MCCko ordezkari José Ignacio Garatek ere emandako urratsaren garrantzia nabarmendu zuten.

BIDERAGARRITASUNA

Arantzazu aurrera aterako bada, espazio hori etorkizunean ere sozialki eta ekonomikoki bideragarria izan dadin, baldintzak eta bitartekoak sortu behar dira. Hori da fundazio sortu berriaren eginkizuna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo