GARA > Idatzia > Musika

Asian Dub Foundation, Amparanoia eta beste zortzi talde, Olearso Festibalean

p057_f02_88x64.jpg

I. AULESTIARTE | HONDARRIBIA

Maiatzaren 2an eta 3an Hondarribia musikaz alaituko du Olearso Festibalak. Hamar talde ezagunek osatutako kartela dakar hitzorduak eta egun bakoitzean lau mila bat lagun biltzea aurreikusi dute.

Lehenengo topaketan, ostiralekoan, Gernika aldeko Ken Zazpi, Soziedad Alkoholika gasteiztarrak, Kaotiko (Agurain), Txantreako Barricada zein Javi Pez Dj donostiarra arituko dira hondartzako aparkalekuan ezarriko den karpako agertokian.

Horiei lekukoa hartuta, hilaren 3an, larunbata, beste hainbeste talde eta musika estilo izango dira aukeran, leku berean: Amparanoia -lehen batean agur esan aurretik Euskal Herrian duen hitzordu bakarrean-, Sorkun & Vice Presidentes, Bilbotik etorriko den Doctor Deseo, Delorean (Zarautz) eta Asian Dub Foundation britainiarrak -hitzorduko «apustu handia»-.

Hamar talde eta beste hainbeste estilo eta erritmo Hondarribiak estreinako aldiz hartuko duen jaialdi «indartsurako», arduradunen esanetan.

Olearso Kultur Guneak hartu du bere gain ekimena aurrera ateratzeko ardura. Atzo prentsaurrekoan gogorarazi zutenez, eratu berria da elkartea eta era guztietako kultur jarduerak Hondarribian -baita Irun eta Hendaian ere- egiteko erronkari eutsi dio. Finean, kultura garaikidea bere alor guztietan bultzatu eta sustatu nahian dabiltza lanean.

Ekimena gauzatzeko, Udalaren babesa izango du oraingoan, eta «herritarren konplizitatea» ere badu bide-lagun. Orotara 65 baino gehiago dira antolakuntzan dihardutenak, betiere hitzorduko egun bakoitzean 4.000 bat herritarren bisita jasotzeko guztia prest egon dadin. Sarreren eta festibalaren informazio gehiago lortzeko: www.olearso.com.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo