GARA > Idatzia > Musika

Aurki, Nafarroan, «Gu are gehiago» jaialdia

Blanca IZKUE | Musikagintzako langilea

Esanen duzue, bai, lurralde honetako biztanleok beti kexuka gabiltzala, baina motiborik ez zaigu falta. Oraingo gai hau ez dakit penagarri ala barregarria den, gizagaixoen arteko inbidiak bai, seguru. Udako musika jaialdien harira, dagoeneko plazaratu dira aurtengo hainbat egitarau. Azken urteotako joerari jarraituz, mundu mailako gero eta izar handiagoak kontratatzea da antolatzaileen xedea. Hiri bat aipatze aldera, Bilbon, Kobetasonik jaialdian rock indartsuaren ordezkari handienetakoak izanen dira entzungai (ala ikusgai?): Kiss, Judas Priest edota Helloween dinosauruak, besteak beste. BBK Live jaialdirako, haien kontzertuak gertakari kulturalak bihurtzen diren The Police edo R.E.M. bezalako izarrak kontratatu dituzte. Halako arlote konplexua geratuko zaigu makro-kontzertu horietara joanen ez garenoi, ezen ez dugu zertaz hitz eginik izango datozen hilabeteetan. Jaialdi hauen antolatzaileek babesle zein erakunde publikoen dirulaguntza mardulak jasotzen dituzte, batetik programatzaileek gero eta ospe eta kaxet handiagoa duten taldeak kontratatzeko lehiaketa handizale honetan bultzada jasoz, eta bestetik erakunde publikoek eskaintza kulturala bere gain ere hartuz, beren etxeko lanak betez edo. Bide batez, hemengo taldeei egiten zaien arreta eskasa eta ukatzen zaizkien aukerak salatuko ditugu beste behin ere.

Tira, bada orain, hara nork eta Nafarroako erakunde publikoek -Gobernuak eta Iruñeko udalak- lehia honetan ez dute atzean geratu nahi izan, eta berriki Iruñeko zezen plazara Bob Dylan handia ekarriko dutela jakinarazi dute. Esandakoa: inbidia besterik ez dut sumatzen ekimen honetan, inbidia eta gutxiagotasun ustea. Artea eta kultur eskaintza planifikatzeko haien irizpideak, ilaran azkenak ez geratzeko beldurrean oinarrituta daude. Aldamenekoei so egin eta imitatuz. Beti berandu, beti handikeriatan, beti haien lagunen araberako irizpideak erabiliz, eta ahal dutenetan erakunde pribatuen gerizpean. Adibidea ez bada ere, soul bertsioak lantzen dituen The Commitments talde jatorra Baluartera ekarriz, herritarren artean tanto batzuk irabazteko aukera izan zuten, baita galdu ere: areto elitista horretarako sobera zaratatsuak suertatu omen ziren irlandarrak, eta bolumena zentsuratu zieten, han bildutako musikarien lotsa eta amorrurako. Arte den guztian haien pentsamendu zuzen eta eskasa inposatu nahi dute beren kartoizko erreinuan.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo