GARA > Idatzia > Pilota

Buruz Buruko Txapelketa

Peñagarikano ez da Irujotaz fio

Iberokoak zalantzak dituela aitortu zuen, baina beizamarrak nabarmendu zuen entrenatzen ikusi duela eta ondo dagoela iruditu zaiola

p046_f01_250x140.jpg

Aritz SORZABAL | DONOSTIA

Juan Martinez de Irujok eta Kepa Peñagarikanok Buruz Buruko Txapelketako final-zortzirenak irekiko dituzte bihar Atano III. frontoian. Partida horretarako pilotak atzo aukeratu zituzten Donostian. Hain zuzen ere, eskuineko eskuko lesioa eta ebakuntza dela medio, Iberoko txapeldunak abenduaz geroztik ez du parte hartu material aukeraketa batean. Horrenbestez, ostiralean txapelketa nagusi batera bueltatuko denez, hitzordura zer-nolako sasoi puntuan iristen den galdetu zitzaion.

Aurrelari nafarrari lasai dagoela igartzen zitzaion, oraindik zalantza bat baino gehiago duen arren. «Entrenamenduetan ez naiz nahi nukeen bezain ondo sentitu, baina hemen gaude eta dena ematera irtengo naiz. Galduz gero, bera onagoa izan delako litzateke. Eskuak ez dira arazoa jolasteko», azaldu zuen.

Hori bai, hainbeste aste geldirik egoteak bere jokoan eragin dezakeela argi utzi zuen. «Hobeto egon izan naiz», nabarmendu zuen, eta prestaketa saioetan izan dituen sentsazioak azaldu zituen. «Sotamanoz sartzen naizenean, buruak beldurra du batzuetan. Eta erritmorik gabe nago, zertxobait deseroso kantxan. Dena dela, ez dago aitzakiarik ostiralerako», berretsi zuen Aspeko aurrelariak.

Ea gehiegizko presioa duen galdetu zitzaion. «Presioa ondo zaudenean duzu, are eta presio gehiago sartzen baitiozu zure buruari. Aurten horrela tokatu zait. Berez, apirilaren 11n berragertu behar nintzen, eta begira, Buruz Burukoa jokatzen nago. Opari bat da niretzat», azpimarratu zuen.

Era berean, Peñagarikanoren jokoari buruz, bere iritzia eman zuen. «Ondo jokatu zuen joan den asteburuan. Pilotari eman zion, eta errestoan oso ondo ibili zen. Egin zuen gauzarik onena izan zen. Baldarra dela ematen du, baina azkarra da eta pilota askotara iristen da», esan zuen, eta beizamarra buruz buru binaka baino hobeto moldatzen dela adierazi zuen.

Ondorioz, norgehiagoka gogorra izango dela aurreratu zuen. «Biok gozatuz gero, pilota atzera eramango dugu. Biak ondo ibiltzen gara airez defenditzen. Nik uste dut opari gehien egiten duenak galduko duela», erantsi zuen.

Gipuzkoarra, ilusioz gainezka

Peñagarinakori dagokionez, gipuzkoarrak ilusio handia du, are eta gehiago joan den igandean Agirre aise menderatu ostean. Oso ondo prestatu du Buruz Burukoa, zortzi entrenamendu egin baititu -Martinez de Irujok egindako bikoitza-. «Niretzat, igandekoa, ez zen ezustea izan. Egia esan, entrenamenduetako maila ez nuen eman. Nik uste dut entrenamenduetan gehiago jokatzen dudala», adierazi zuen.

Eta Martinez de Irujoren zalantzetaz ez dela fio nabarmendu zuen. «Horren ondo ez dagoela dio, txisparik gabe, baina nik pare bat aldiz entrenatzen ikusi dut eta ez zait hori iruditu. Agresibo eta gogotsu ikusi dut», esan zuen, eta partida gogorra izan dadila eskatu zuen. «Gogorra ez bada, seinale txarra izango da niretzat. Ea piloteoari gaina hartzen diodan. Izan ere, aurrean pilota asko harrapatzen baditu oso arriskutsua da. Pilotari eman beharko diot, ez dut beste armarik. Eta ea sakearekin asmatzen dudan, frontoi honetan jokaldi honekin min asko egin daitekeelako», aipatu zuen, eta 2006. urteko txapelketako partida oraindik gogoan duela aitortu zuen. Orduan 22-14 galdu zuen Iberokoaren aurka, baina «buruz buru egindako norgehiagoka onena» egin eta gero.

Aukeratutako materialari dagokionez, Peñagarikanok Punpako pilotak aukeratu zituen: 106,8 eta 105,1 gramokoak. Martinez de Irujok, Cipriko bi: 106 eta 104, 7 gramokoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo