GARA > Idatzia > Editoriala

Guggenheimeko «irregulartasunak»

Bilboko Guggenheim Museoko finantza zuzendari Roberto Cearsolok berak gutun bidez aitortu zuenaren arabera, ia 500.000 euro lapurtu zituen; beraz, ez da harritzekoa museoko zuzendaritzak hura kargutik kendu izana. Barne ikerketa batek antzemandako «irregulartasunak» nola eta noiz egin zituen, ordea, harritzeko eta kezkatzeko modukoa da.

Lakuako Gobernuko bozeramaile Miren Azkarate Guggenheim Museoko zuzendariaren erabakiarekin bat etorri zen atzo eta, esan zuenez, espero du egoera horrek museoaren ibilbidea ez duela zikinduko. Azkarateren arabera, museoak berak egindako barne ikerketari esker jakin zuten irregulartasun horien berri, ikerketa haren ondorioz errudun gisa agertu baitzuen bere burua finantza-zuzendariak. Hala ere, Cearsolo 1997tik zegoen kargu horretan eta hurrengo urtean hasi zen diruaz jabetzen; orain dela hamar urte, hain zuzen. Bestetik, ez da erraz ulertzen nola finantza-zuzendari horrek jardun zezakeen horrelako autonomia maila izanda, horrenbeste urtetan eta horren disimulu txikian diruaz jabetu izana kontrol gabezia handiak baino ezin baitu azaldu. Guggenheim Museoa instituzioen lehentasunezko tratua duen entitatea da; herritarrek, hartara, segurtasun txikia eta babesgabetasun handia sentitzeko motiboa dute horrelako lapurreta baten berri dutenean.

Cearsolo, espero izatekoa denez, bidali egin dute museotik. Hala ere, arreta ematen du apirilaren 11n gutun bidez bere delitua aitortu, eta sei egun geroago atxilotu gabe jarraitzeak. Gizarte alarma sortzen omen duten beste kasu batzuetan berehalako atxiloketa, kartzelatze prebentiboa, fidantza ikaragarri handiak eta antzeko neurriak aplikatzen dira. Klase politikoa delakoak ere beste kasu horietan, herrikoikeriarako joera saihestu ezinik, neurri eta zigor gogorragoak eskatu ohi ditu. Delitua «goi mailakoa» denean, ordea, ez da horrelako aldarrikapenik entzuten. On da defentsa ahalik ondoen prestatzeko aukera ematea, baina bidezkoagoa litzateke kasu guztietan neurri bera erabiltzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo