GARA > Idatzia > Gaurkoa

Iratxe Esnaola Arribillaga Informatika ingeniaria

Mundu teknologikoa ezkerretik eraiki

Tamalez, «kultura» ez da askotan irakurtzen «teknologia» hitzaren aurrean. Eta hori horrela, «kultura teknologikoa» mintzagai izan genuen duela gutxi Ermuako IES-UNI ikastetxeko Uniencounter jardunaldietan. Gaia oso zabala zen eta, beraz, bide ezberdinetatik jorratzeko aukera ematen zuen, baina, era berean, helburua oso zehatza zen: teknologien munduan ere, gainontzeko eremu guztietan bezalaxe, filosofia eta justizia teknologikoa, balore etikoak eta printzipio teknologiko indibidual eta kolektiboak barneratzearen garrantzia mahai gainean jartzea. Eta garrantzi hori oinarri eta abiapuntu, txoko honetara ekartzea erabaki dut, teknologiaren filosofiaz eta filosofia teknologikoaz aritzeko asmoz.

Jakina denez, bizitzako eremu guztietan, antzekoak, aurkakoak edota kontrajarriak izan diren iritziak existitu izan dira beti. Pertsona bakoitzak lanaren prekarietateaz duen pertzepzioa ezberdina da: zein baldintzatan bukatzen den lan prekarioa eta non hasten den lan duina, ezberdina da pertsonaren arabera. Berez, guztiok, baldintza gutxiago edo gehiago betetzen dituen hezkuntza sistema bat izango dugu buruan. Eta sistema politiko bat edo bestea defendatuko. Sistema ekonomikoarekin berdin: ezartzen digutena onartu edo mundua ikusteko gure moduaren araberako ekonomia aldarrikatuko dugu. Eredu sozial eta kultural bat, eta ingurumenaren zainketaren inguruko iritzi bat dugu. Faktore askok baldintzatzen duten sinesmen bat dugu: mundua ikusi eta ulertzeko modu bat, norberarena, baina beti ere, testuinguru sozialean kokatzen dena.

Baina XXI. mendean, herri «aurreratuetako» ongizatearen jendartean, gai edota arazo zehatzetan alde edo kontra agertzea gero eta gutxiago lantzen den ariketa soziala da. Oro har, jendarte zabalean, arazo kolektiboen planteatzea, galdera orokor eta zehatzen erantzutea eta eztabaida estrategikoen hausnartzea garrantzia galtzen ari da. Eta fenomeno hau eremu gehienetan nabarmena den arren, inon agerikoa eta begi-bistakoa bada, hori teknologien munduan da.

Eta paradoxikoa dela esan daiteke. Egun, guztion ahotan dagoen hitza da teknologia, baina, halere, jendartean ez dago aukera ezberdinen pertzepzio errealik. Teknologien mundua ulertzeko modu bakarra dagoela ematen du: bizi dugun edo kontatu nahi izan diguten mundu teknologikoak, gainerako guztia ezkutatu nahiko balu bezala.

Jendartearen gehiengoa mundu teknologiko irreal batean bizi da: non mundu «normalak» Windows sistema eragilea erabiltzen duen eta nabigatzailea Internet Explorer den; non lanean egin behar dugunaren arabera Word, Excel edota Power Point erabiliko dugun; non argazkien prozesamenturako Photoshop eta bideoak autoeditatzeko Windows Media Maker erabili behar dugun; non programak erabiltzeko, printzipioz, lizentziak ordaindu egin behar diren (nahiz eta ordaintzen ez ditugunean atxilo eramaten ez gaituzten).

Mundu irreal hori sortu eta bere horretan mantentzeko, programak eta, oro har, informazioa kopiatzea eta zabaltzea txarra dela barruraino sartu digute. Teknologien mundua ulertzeko modu bakar bat dagoela sinestarazi nahi digute, eta pixkanaka gauzak aldatzen ari diren arren, beste era batetara funtzionatzeko aukerarik ez dagoela pentsatzen du gehiengoak. Eta barneratua dugun gaitz teknologiko hori arrazoitzeko, irakurketa orokor bat egin daiteke: teknologien jendarteratzea globalizazioaren eskutik edota globalizazioarekin paraleloan etorri dela.

Eta globalizazioaren eskutik etorri denez, mundu teknologikoa ikusteko modu bakarra dagoela transmititzen du: mundu globala, non distantziak ez diren existitzen, non tokian-tokiko errealitate eta behar propioak lausotu egiten diren, non dependentzia teknologikoa eta atzean duen monopolioa ez den erregulatu ere egiten. Badirudi ez dagoela teknologiaren filosofiarik aukeran. Eredu bakarra erakusten digute: balore etikoetan oinarritzen ez dena, informazioa ezkutatzen duena, boterearen banaketa ez ekitatiboa eta aberastasunaren eta ezagutzaren monopolioa lortu eta mantentzea helburutzat duena.

Ez da justizia teknologikoaz hitz egiten. Iduri du dena zilegi dela. Eta gaizki egiten dena ezin dela aldatu, egiteko beste modurik ez dagoelako. Eta, zentzu horretan, bere orokortasunik zehatzenean, kultura teknologikoaren beharraz jabetzea falta zaigu.

Euskal Herriak errealitate propioa du, eta errealitate horren beharrak aseko dituen filosofia teknologikoa gure egin behar dugu. Mundu teknologikoa ezkerretik ulertu eta balore eta printzipio jakin batzuk bere baitan biltzen dituen filosofia teknologiko propioa barneratu behar dugu. Teknologien munduan ere, alde eta kontra jartzearen ariketa sozial indibidual eta kolektiboa egin behar dugu, halabeharrez.

Horretarako, korronte orokor eta globalaren aurka joatea ezinbesteko bihurtzen zaigunez, justizia teknologikoaren filosofia entzun, ezagutu, ikasi, erabili eta inguruan zabaltzeko, jarrera aktibo, dinamiko eta eraginkor bat izatea ezinbestekoa zaigu, maila guztietan.

Teknologien mundua ulertzeko modu ezberdinak daude. Emanda datorkiguna ez da zilegi. Hori da hausnarketaren abiapuntua. Hurrengoan gehiago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo