GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Aurreratu ahala ahulduz

Pennsylvaniaren txanda iritsi da. AEBetako seigarren estaturik populatuenak bihar egingo ditu hauteskunde primarioak lehian geratzen diren bi hautagai demokraten artean 158 ordezkari banatzeko, proportzionalki. Azken inkesten arabera, lauzpabost punturen aldea aterako lioke Clintonek Obamari pennsylvaniarren bozetan eta, bide batez, ordezkari bakan batzuk gehiago bereganatuko ditu Hillaryk. Baina inolaz ere ez oraintxe bertan Obamak ateratzen dion aldea (140 bat ordezkari, hautua derrigortua dutenen artean) nabarmen laburtzeko adina.

Are gehiago, gerta liteke, jada Texasen gertatu zenaren antzera, Pennsylvaniako lehiaren ondoren Obamaren abantaila handiagoa izatea, estatuari dagozkion 30 superrordezkarietako hamabostek senatari beltzaren alde egingo dutela iragarri baitute, eta Hillaryren alde bost baino ez. Eta ia ziur, bihartik aurrera Obama hurbilago egongo da garaipenetik. Batez ere kontuan izanda ikuskizun geratuko liratekeen bi primario nagusietan, Ipar Karolina eta Indianakoetan, nahiko alde zabala aurresaten diotela inkestek.

Hala ere, Pennsylvanian garaipena, laburra bederen, lortuta, lehiari eusteko argudio bat izango du Hillaryk, abuztuan Denverren egingo den Konbentzioan eman litekeen korapilo potolo horren bila: hautu derrigortua duten ordezkaritan bi hautagaien arteko aldea hain txikia izanik... nahierara bozka dezaketen superrordezkariak gerta daitezela erabakigarriak. Baina gero eta zailagoa dirudi posibilitate horrek ere: partiduaren aparatua islatzen dutenek jendearen bozen emaitza (bizpahiru punturen aldea ateratzen dio Obamak Hillaryri) zapuztuko balute... Etxe Zuria McCaini oparitzen arituko liratekeelako, ezbairik gabe. Eta horregatik (edota Clintondarrek esperientzia bezainbeste etsai dituztelako demokraten artean) Obamaren aldeko hautu publikoa egiten ari dira gero eta ospetsu gehiago.

Kalamatika honek sakoneko arazo politiko bat ezkutarazten du, edonola ere: primarioetako lehia luzatu ahala, edozein delarik ere Partidu Demokrataren hautagaia, haren aukerak murrizten ari direla. Egitasmoen aurkezpena egin eta iritzi publikoa liluratzeko aldiak aspaldi agortuta, elkar jipoitzeko fasean daude orain Obama eta Hillary. Eta gogotik ari dira.

Gaur-gaurkoz, Bushengandik urruti ibiltzea nahikoa du McCainek Etxe Zuritik gero eta hurbilago egoteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo