GARA > Idatzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Botere gehiegikeriaren autopista

Gobernuaren politikak, arlo sozialean, biztanleriari bizitzeko ahalak hersten dizkiolarik, arlo politikoan botere gehiegikerietan erortzeko ausardia hartzen du

Frantzian bizi diren txinatarrak jasaten ari diren eraso politiko eta mediatikoaren salatzera atera dira. Izan ere, Mugarik Gabeko Erreporteroak elkarteak Txinaren politika salatuz eta Tibeten aldeko ekintzak antolatuz Olinpiadetako suen ibilbidean zehar, gaia plazaratu zuen. Onargarria zen salaketa hipokrisiaren eta faltsukeriaren erakusketa bilakatu da. Frantziak Txina salatzen du Afganistanera tropa gehigarriak igortzera prestatzen ari delarik, gerlarako tropak. Egun hauetan, Frantzian bizi diren txinatarrek Gobernuari galdetzen diote zergatik ez duten Korsika askatzen. Oso galdera egokia besteei ikasgaiak ematen ibiltzen den aginteari, etxeko giza eskubideak, herrien eskubideak errespetatzen ez dituelarik. Frantzian horrelako galderaren ulertzeko gaitasunik badagoela zalantzan emanen nuke, baina, hala, behingoz galdera ez da betikoengandik heldu, herri gutxituetatik alegia. Ez da gauza txarra!

Oso berri txarrak heldu zaizkigu Parisetik, hezkuntzan irakasle kopuruaren murrizketa gordina. Eskola andana irakasle faltan geldituko dira eta Xiberoan hesteko arriskutan den eskolarik badago ere. Osasungintzan Estatuak gero eta laguntza gutxiagoren ematea erabaki du, familiei laguntzen murrizketa, langabezian daudenei diruaren jasotzeko baldintza gogortzea. Hori guztia Eliseotik Bushen politikarekiko adostasun nabarmena hedatzen dutelarik.

Gobernuaren politikak, arlo sozialean, biztanleriari bizitzeko ahalak hersten dizkiolarik, arlo politikoan botere gehiegikerietan erortzeko ausardia hartzen du.

Aldi honetan politika egiteko funtsezko beharra dirua dela eta norabide hori bururaino eramatea erabaki dute, alderdi guztietatik militanteak jo nahi dituzte, ea amore ematen duten, noski. Hamalau diru kontu hetsi dituzte Ipar Euskal Herrian politikan diharduten militanteen aurka eta haien familiakoen aurka, haurrak eta bizilagunak barne. Familia batzuk bizitzeko ahalik gabe gelditu dira errugabeak direlarik, inongo azalpenik gabe, agindua epaile batek harturik, eta horren aurka joateko mintzakiderik gabe.Garai beltz batzuetan jendearen ondasunez beste batzuk jabetzen ziren, benetako jabeak deus gabe utziz. Haiei ez dizkiete ondasunak lapurtu, baina bizitzeko ahalik gabe utzi dituzte. Batzuek erranen dute bizirik daudela, ondorioz ez dutela kexatzeko arrazoirik. Ez da salaketa katerik entzun, ez da agerian gelditzen diren eskuzabaltasun interesaturik ikusi prentsa nagusian. Azken finean independentistak, estatuen politika erasotzailearen aurka, gorde gabe, ari denak isiltzea baino eskubiderik ba al du? Politika klandestinoaren bultzatzeko helburua al da? Aldarrikapen independentista plazatik kendu nahi al dute? Eta zergatik? Horrek ez al du izenik? Giza eskubideak ozenki aipatzen diren une honetan nork ditu familia horiek babestuko? Orain arte susmagarria zena epaitua izateko aukera zeukan, gaur egun haren familia guztiak ere! Botere gehiegikeriaren bidea zen, autopista bihurtzen da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo