Ainhoa Bengoa Salutregi Gasteizko Gaztetxeko Asanbladako kidea
Gaztetxeak aurrera!
Bai, aurten Gasteizko Gaztetxeak 20 urte betetzen ditu, eta asko dugu ospatzeko, are gehiago aldarrikatzeko zein borrokatzeko. Gaurkoan ospakizunak alde batera utzita, berriro ere errepresioaz hitz egitera behartuta gaude. Apirilaren 22an daukagun epaiketari buruz mintzatuko gara.
Epaiketa hau 2007ko maiatzaren 5ean burutu genuen elkartasun ekintzaren ondorioa da. Ekintza hartan bi gazte pankarta batekin eskegi eta beste hainbat lagun errepidean beste pankarta batekin zeuden, Iruñerriko gazteei babesa emanez. Orduan Iruñerrian pairatzen ari ziren zapalkuntza, kriminalizazio, atxiloketa eta errepresioa izugarria zenez, Gasteiz aldetik babesa bidali genien gazte guztiei eta bereziki Xabier Errea gazteari, une hartan kartzelan baitzegoen, Gaztetxea eta gazte mugimendua bultzatzeagatik. Elkartasun adierazpen haren ostean, instituzioek berriro ere zeintzuk gorroto dituzten eta zeintzuekin bukatu nahi duten argi utzi dute: gure bi kidek urte bat eta 8 hilabeteko kartzela eta 6.000 euroko zigor eskakizuna jaso dute «opari» gisa.
Beraz, urteak daramatzagu kolore ezberdineko txakur, gorbatadun, zapaltzaile bihozgabeen mehatxuak jasaten. Bai hemen bai Euskal Herri osoan, lehen eta orain. Gaztetxe asko hustu eta eraitsi eta gazte asko epaitu dituzte, baina beti argi utzi dugu okupatzeko prest gaudela, borrokatzeko, antolatzeko, altxatu eta aurrera egiteko prest, han eta hemen udaletxeak zirikatzeko prest, beraien amesgaizto bihurtzeko. Azken finean, gizarte-sistema hau aldatzeko prest. Horren aurrean boteredun txit gorenek aurkitzen duten irtenbide bakarra gu jipoitzea da. Baina guk argi daukagu, eta 20 urteren buruan ondo azaleratu ere. Gure gizartea eraldatzen jarraituko dugu:
Alde zahar bizi, anitz, koloretsu batean bizi nahi dugulako, non polizia-etxeek ez duten lekurik, non bizilagunak diren auzo honen motore eta partaide, non giro herrikoia bultzatzen den...
Inposaketen aurka egingo dugu. Bai ama lurraren defentsan, AHT makroproiektuaren kontra zein auzoaren defentsan, PERIren aurka.
Okupazioa bultzatuko dugu. Bai bizi eredu moduan, 10.050 etxe huts daudelarik Gasteizen, bai lokal/gaztetxe autogestionatu modura.
Herri proiektu parte-hartzaileak bultzatuko ditugu, herri ekimenak aurrera eraman eta gizartea kontzientziatuko dugu, hala-nola Txorionak (Gaztetxe-Hala Bedi Irratia) urteurrenaren bitartez, adibidez.
Horregatik guztiagatik epaituko gaituzte apirilaren 22an eta ez beste ezergatik. Egun horretan epaitegian kontzentrazio bat egongo da, 12:30etan. Argi daukagu! Okupazioa eta autogestioa!