Porrot mingarria Pamesaren aurka
Belarrondoko ederra jaso dute Huertasek eta Bilbao Basketek
Douglasek begiondoko bat eman zion antolatzaile brasildarrari neurketa airean zela, baina teknikoa adierazi zioten Huertasi, eta hantxe apurtu zen neurketa
PAMESA VALENCIA 85
BILBAO BASKET 73
Arnaitz GORRITI | BILBO
Merezi baino porrot mingarriagoa jaso zuen atzo eguerdian Iurbentia Bilbao Basketek Valentziako Fuente de San Luis pabilioian Pamesaren aurka. Markagailua 59-50 zela, Rubén Douglasek belarrondoko bat eman zion Huertasi. Alabaina, Llamazares epaileak falta teknikoa adierazi zion antolatzaile brasildarrari, gezurretan ari zelakoan. Hala hartutako abantailak -13-0ko partzialak- dezente erraztu zion garaipena Fotis Katsikarisek zuzenduriko taldeari.
Ez zen partida onegia izan, baina bai gehienean berdindua. Pase txar larregi izan ziren, baina tartean jokaldi bikainak ere bai. Entrenatzaileek ez zuten gustura ikusi beren jokalarien lana, gorabeheratsuegi aritu baitziren. Hala, orain bizkaitarrak buruan, gero valentziarrak aurretik, jaberik gabe iraun zuen partidak aurreneko bi laurdenetan, eta 35na iritsi ziren atsedenaldira.
Barruko jokoan nagusi ziren bilbotarrak, Weis, Banic eta Reclerren lan azpimarragarriari esker. Horrezaz gain, errebotean ere nagusi ziren «beltzezko gizonak», ia faltarik egin gabe, gainera; aurreneko bi laurdenetan Pamesak bi jaurtiketa libre baino ez zituen izan bere alde. Aldiz, hiruko jaurtiketetan etxekoek hamaika buruko min sortu zizkieten Vidorretarenei, Williams Milojevic eta Housen bidez batik bat. Azpimarragarriak dira Tau Baskoniako jokalari ohiak sarturiko hirukoak, defentsa bikaina egin arren, estatubatuarrak urruneko jaurtiketok sartzea lortu baitzuen.
Douglas Salgadoren aurka
Neurketak lehengo lepotik zuela burua jarraitu zuen atsedenalditik bueltan. Bere irregulartasunean, aipagarria da bigarren erdi honetan Rubén Douglas eta Javi Salgadok emandako maila. Hala, Santutxuko antolatzaileak bilbotarrek ACB Ligan lortzen duen hamar milagarren puntua erdietsi zuen.
Alabaina, Pamesak aldea ireki zuen hirugarren laurdenaren amaieran, Douglasen lanari defentsa gogorra eta bilbotarren baloi galtzeak zirela-eta: 56-50.
Azken laurdenean Huertasen aferak apurtu zuen neurketa. Dena dela, Vidorretak ez zuen etsi, eta 2-3 zona press bat lehenengo eta 1-3-1 zona eginez, lanak eman zizkion Pamesari.
Une horietan, ordea, Albert Oliver azaldu zen. Kataluniarrak patxada eman zion Pamesari eta, baloi pare bat ostuta, garaipena bermatu zuen. Azken minutuetako jokaldiek 85-73ko emaitza berretsi besterik ez zuten egin.
Haserre eta berriketarako gogorik gabe azaldu zen Txus Vidorreta kazetarien aurrera. Indautxuko teknikariak ez zuen Huertasen teknikari buruz komentariorik egin gura izan, nahiz eta «halakoetara ohituta gaude», adierazi zuen. Alabaina, bere haserrea jokalarien jarreragatik nabarmendu zen.
«Kontua ez da presaka jokatu dugun, edo galdutako baloi asko galdu ditugun, baizik eta ez dugula partida behar besteko gogoz jokatu. Lehenengo bider aurtengo denboraldian jarrera falta hori ikusi dut. Gero gertatu den ezer ere ez zen jazoko guk ganoraz ekin izan bagenio jokoari», adierazi zuen.
A. G.