Urrezko Aizkora
Iñaki Azurmendi kanpoan geratzea izan da ezustea
Rekondo, Arria, Lopez eta Vicente hurrengo kanporaketa jokatzeko moduan izango dira
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Arriak, Rekondok, Vicentek eta Lopezek egin dute aurrera Urrezko Aizkora Txapelketan. Agian ezustea Vicente bera izan zen, Azurmendi mendean hartu baitzuen. Gainerako emaitzek inor gutxi harritu zuten.
Leitzan jokatu zituzten herenegun ilunabarrean lehenengo kanporaketak; bertan, Arriak eta Rekondok egin zuten aurrera. Zalantzarik gabe bi gazteek eskainitakoa izan zen neurketarik ederrena, sekulako emozioa izan baitzuen Rekondok eta Atutxak jokatutako neurketak.
Kolpekako lanean, bi aizkolariek berdinketa lortu zuten, 33na kolpe. Ondoren, abiadura proba zuten, eta hor 45 ontzakoa lehenago bota zuen Rekondok, 41 segundotan erdibitu baitzuen, zazpi segundo kenduta. Zutikakoan erabaki zen, ordea, proba. Nafarrak minutu eta 41 segundotan amaitu zuen lana, eta 19 segundo atera zizkion bizkaitarrari. Lan luzean, Atutxa izan zen nagusi, 8.58 izan zen bere denbora, eta 9.17 Rekondorena. Amaieran, Rekondok 12 minutu eta 12 segundotan burutu zituen lan guztiak, eta zazpi segundoko aldea kendu zion Atutxari.
Arriaren eta Lasaren arteko demak ez zuen horrelako emoziorik izan. Kolpekakoan, Lasak 34tan amaitu zuen lana, eta hiruren aldea kendu zion errezildarrari. Hortik aurrera, ordea, Arria izan zen jaun eta jabe. Abiadura proba, 49 segundotan amaitu zuen, eta lau segundo atera zizkion aurkariari, jadanik aurretik jarrita. Zutikakoa lana, 2 minutu eta 30 segundotan amaitu zuen, eta beste sei segundo sartu zizkion Lasari. Azkenekoan, berriz, 10.45 segundo behar izan zituen amaitzeko, eta Lasak, aldiz, 11 minutu eta 20 segundo.
Lopez, ongi
Atzo Agurainen beste bi kanporaketa jokatu ziren, baina ez zen herenegungo emoziorik izan. Hori bai, Lopezek itxura bikaina erakutsi zuen. Aparteko eragozpenik gabe menderatu zuen atzo Felix Etxeberria.
Sunbillakoak bi proba irabazi zituen, baina erabakigarrienean, ordea, Lezaungoak alde handia atera zion. Kolpekakoa Lopezek irabazi zuen, 31 eman baitzituen, hala, lauren aldea kendu zion aurkariari. Erlojuz kontrakoa, 47 segundotan amaitu zuen, eta baten aldea atera zion Lopezi. Zutikakoa ere Etxeberriak beregantu zuen. 2.12ko denbora eginda, hamar segundo kendu zizkion Lopezi. Azkeneko probara aurretik sartu zen, baina hori, 10.02an amaitu zuen Lopezek eta Etxeberriak 11.34n. Denetara, 13.43 izan zen Lopezen denbora, eta 15.08 Etxeberriarena. Beste kanporaketan, Vicentek Azurmendi mendean hartu zuen. Kolpekakoan, 33tan amaitu zuen irabazleak, eta hiru kendu zizkion aurkariari. Erlojuz kontrakoan, gipuzkoarra izan zen nagusi, eta segundo bat atera zuen bere alde; baina zutikoan galdu egin zuen proba Azurmendik, nahiz eta iraupenekoa irabazi. 12.31 izan zen Vicenteren azkeneko denbora, eta 12.58 izan zen Iñaki Azurmendiren amaierakoa.
Lehenengo kanporaketa hartatik, Felix Etxeberriak baino ez zuen jarraitzen, baina Sunbillako kirolariak, lau kanporaketa gainditu ostean, agur esan behar izan zion atzo aurtengo lehiakertari
Herenegun abiatu zen Nafarroako Launako Sokatira Txapelketa, eta Amaiurrekoak izan da protagonista, bai emakumezkoak bai gizonezkoak.
Gizonezkoen neurketa zirraragarria izan zen, Amaiur C eta Berriozar B berdinduta geratu baitziren 5,5 punturekin. Atzetik, Berriozar 4 punturekin; Amaiur A 3rekin; Amaiur B 2rekin eta Txantrea bakarrarekin ziren.
Emakumezkoetan, Amaiur gailendu zen 6 punturekin. Atzetik, Sakana, 5ekin; Beti Gazte 4rekin; Berriozar A 3rekin; Txantrea 2rekin eta Berriozar B batekin geratu ziren. Gizonezkoetan, 310 kiloko lehiaketa jokatuko da soilik, eta emakumezkoetan, berriz, 260 kilokoak bakarrik lehiatuko dira txapelketan.
Erasunek mendean hartu zuen Saralegi 18 urtez azpiko lehiaketan. Aurtizkoa nagusi izan zen, eta 6.40ko denbora egin zuen. Leitzakoak, berriz, minutu bat eta sei segundo gehiago behar izan zituen lanak amaitzeko.
Urrezko Aizkoran gero eta gogorragoak dira lanak. Oraingoan, hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu egin dute. Gero, erlojuz kontra 45 ontzakoa, zutik 54koa eta etzanda bi 54ko eta bi 60ko izan dituzte.