Epailearen aurretik igaro ostean aske gelditu dira Errenteriako bi lagunak
Askatasunak aditzera eman zuenez, bihar igaroko dira Grande-Marlaska epailearen aurretik joan den ostiralean Polizia espainolak atxilotu zituen Oiartzungo eta Errenteriako hamar gazteak. Bestalde, larunbatean Ertzaintzak atxilotu zituen bi herritarrak atzo gelditu ziren aske, Donostiako epaitegira eraman eta gero. Atzokoan bi mila izan ziren manifestatu ziren herritarrak, eta gaur arratsaldean ere, 20.00etan, manifestazioa egingo da herriko plazatik.
G.M. |
Ertzaintzak larunbat goizean Errenterian egindako karga bortitzaren ondotik atxilo eraman zituen bi bizilagunak aske gelditu ziren atzo eguerdian. Jose Luis Gurrutxagak atzora arte Donostiako Ospitalean ingresatua egon behar izan zuen, oraindik ere «gorputz osoan markak» eta «arnasa hartzean mina» zituen-eta. Bi errenteriarrok Ertzaintzaren aurkako salaketa aurkeztu dute epaitegian, polizien eskutik jaso zuten jipoia dela- eta. PSOEko alkateak, bitartean, alderdien Bozeramaileen Batzarra deitu du gaur goizerako Errenteriako Udaletxean. Ezker abertzaleak, ordea, «gezurretan» aritzea leporatu dio Juan Carlos Merino alkateari.
Ostiral goizean Polizia espainolak egindako sarekada salatzeko larunbat eguerdian prentsa agerraldia egin nahi zuten herritarren aurka bortitz oldartu zen Ertzaintza, baita polizia batek pistolarekin bi tiro egin ere. Zauritu andana eta bi atxilotu izan ziren.
Askatasunak atzo azaldu zuenez, Jose Luis Gurrutxagak «traumatismoa du ezkerreko hemitoraxean, jasotako kolpeen ondorioz, eta mina sentitzen du arnasa hartzerakoan». Halaxe baieztatu diote GARAri Gurrutxagaren senitartekoek ere.
Arratsaldeko hirurak baino lehenago geratu ziren aske Jose Luis Gurrutxaga eta Iñaki Garcia Alkorta. Lehenbizikoari, «desordena publikoa» leporatu diote, eta bigarrenari, aldiz, «desordena publikoak eragitea eta autoritatearen kontrako erasoa» egitea. Minutu gutxiko deklarazioa egin zuten Donostiako 1. Instrukzioko epailearen aurrean. Errenteriako bi herritarrok salaketa aurkeztu dute Ertzaintzaren aurka.
Alkateari kritika zorrotza
Larunbatean jazotako gertakarien karietara, Errenteriako PSOEko alkate Juan Carlos Merinok, Lakuako Barne sailak zabaldu zuen bertsioari eutsiz, alderdien Bozeramaileen Batzarra deitu du gaur goizerako Udaletxean. Informazio agentzien arabera, 9.00ak edo 9.30 aldera hasiko da ezohiko batzar hau.
Errenteriako ezker abertza- leak alkateari gezurretan aritzea leporatu dio atzo kaleratutako ohar baten bidez. Hala, larunbatean ezker abertzaleak egin zuen ekintza bakarra, prentsaurreko bat ematen saiatzea izan zela azaldu zuen. Informazioa manipulatzen ari direla leporatzeaz gain, eta alkateari zuzenduz, ondokoa esan dio ezker abertzaleak: «Larunbat goizean gertatutako ekintza terrorista bakarra, polizia autonomiko espainolak herritarrei eginiko segada izan zela, adin guztietako herritarren bizia arriskuan jarriz». Gainera, oraindik Polizia espainolaren esku dauden zazpi gazte errenteriarren inguruan «inolako interesik» ez duela azaldu zion Merinori.
«Non dago alkatea gazte hauek eta beren senideek jasan duten eta jasaten ari diren indarkeria gaitzesteko? Bere elkartasuna adierazteko? Non daude bere etika, moral eta indarkeriaren aurkako diskurtsoa?», galdetu zioten alkateari, gertakari hauen aurrean «beste aldera begiratzearekin nahikoa ez, eta gainera, frogarik gabeko akusazio larriak» egin izana salatuz.
Bestalde, Askatasunak atzo jakitera eman zuenez, ostiral goizaldean atxiloturiko hamar gazteak bihar pasatuko dira Fer- nando Grande-Marlaska epaile espainolaren aurretik. Hala izatekotan, ia bost egun igaroko dituzte bakartuta.
Askatasunak aditzera eman zuenez, ostiral goizaldean Polizia espainolak atxilotu zituen hamar gazteak bihar igaroko dira Auzitegi Nazional espainoleko Fernando Grande-Marlaska epailearen aurretik.
Errenteriako ezker abertzaleak deia egin du, batetik, ostiralerako borroka egunera, eta, bestetik, 8.30ean Udaletxean egingo den bilkuran bertaratzera. Manifestazioak antolatu ditu 12.00etarako eta 20.00etarako.