San Pedro
Zarautz izan da Euskadiko txapelketan azkarrena Orio lehia estuan menderatuta
Emakumezkoen mailan Tolosaldeko ontzia nagusitu zen ondarroatarren aurretik
GARA | PASAIA
Zarautzek eskuratu zuen Euskadiko batelen Txapelketa Oriorekin lehia estua izan ondoren. Zarauztarrek dezima bakar bat gutxiago behar izan zuten helmugan, eta sufritutako garaipena erdietsi zuten; horra iaz antzeko abantailarekin oriotarren aurka galdutako finalaren ordaina. Zarauztarrak ziren faborito nagusiak Gipuzkoako Txapelketan erakutsitako maila ikusita, baina ez zegoen argi Kaiku nola arituko zen finalean. Jose Luis Kortaren gizonek ez zuten aurkaririk izan aurreko igandean, eta aise nagusitu ziren Portugaleten ospatutako Bizkaiko Txapelketan. Hain zuzen ere, sestaoarrak izan ziren lehen maniobran azkarrenak, segundo bakar baten abantailarekin, baina hortik aurrera ez zuten lortu Zarautzek eta Oriok markatutako erritmoari eustea. Hirugarren ziabogaren ostean, beraz, lehia bi batel gipuzkoarren artera mugatu zen.
Emakumezkoen maila nagusian Tolosaldeko batela izan zen denetan azkarrena. Gipuzkoarrak hiru ontzi bizkaitarrekin lehiatu ziren finalean, eta hasiera-hasieratik beraiek markatu zituzten denborarik azkarrenak ziaboga guztietan. Bizkaiko ligan ondarroarrek nagusitasun handia erakutsi zuten, baina ez zen maila nahikoa izan Euskadiko Txapelketan aukeraren bat izateko eta bigarren postuarekin konformatu beharra izan zuten. Deustu izan zen hirugarrena helmugan, eta laugarren postuan Arkoteko plentziarrak sailkatu ziren.
Jubeniletan bizkaitarrak
Gizonezkoen jubenil mailan, berriz, bizkaitarrak izan ziren azkarrenak San Pedroko uretan. Itsasoko Amak eta Mundakak lehia polita eskaini zuten hasieratik, eta Bizkaiko Txapelketan bezala, mundakarrak izan ziren aurrenak. Oriok, nahiz eta lehen bi luzeetan eutsi, zortzi segundo gehiago behar izan zituen helmugan, eta ia minutu erdi Aita Mariko batelak.
Kadete mailan, ordea, lortu zuen Itsasoko Amak Euskadiko Txapelketa eskuratzea. Hala ere, asko sufritu behar izan zuten Santurtziko mutilek, eta segundo bakarreko abantaila lortu zuten azkenerako. Orio izan zen bigarrena, Ondarru eta Elantxoberen aurretik. Haurretan, Hondarribia izan zen txapelduna, Mundakaren aurretik, eta etorkizun mailan, berriz, Ondarru.
Garaipen honekin Zarautzeko ontziak Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketak eskuratu ditu bi astetan. Gainera, iaz Orioren aurka segundo bakarragatik galdu bazuen ere, aurten ekarri monedaz erantzun dio
Lurraldeen arteko lehia oso parekatua izan zen. Gipuzkoarrek nagusien bi mailetan, haurretan eta jubenil nesketan lortu zituzten lehen postuak; eta bizkaitarrek, berriz, mutilen jubenil, kadete eta etorkizun mailetan.