Xabier zubizarreta «txiron» Arrasateko alkate ohia
Gaitzespena vs. hipokrisia
Azken urteotan, Euskal Herrian bizi dugun gatazkari konponbidea emateko helburua zuen elkarrizketa eta negoziazio prozesu itxaropentsu bat ezagutzetik, berriro ere konfrontazioan oinarritzen den egoera batera pasatu gara.
Isaías Carrascoren heriotza eragin zuen ETAren atentatuaz geroztik, Arrasateko herria, gure udal gobernu osoa eta gure alkatea egunero hainbat komunikabideren jomuga dira, gaitzespen exijentziak, zentsura mozioak, eta inolako oinarririk ez duten irainak botaz.
Indarkeria eta inposizioa aspaldikoak dira, denon zoritxarrerako, Euskal Herrian.
Estatu espainolak bortizki jipoitu izan gaitu legezko nahiz legez kanpoko tresnez. Konstituzio inposatu bat, euskaldunok onartu izan ez ditugun askotariko poliziak, estatu terrorismoa, Alderdien Legea, ilegalizazioak, tortura, kartzela politika ankerra, isolamendua, sakabanaketa, arrazoi ideologikoengatiko kartzelatzeak eta abar.
Baina Estatu espainoleko ordezkariei, ez zaie komeni hori guztia gogoan hartzea, eta arazoaren errua ETAk garatzen duen borroka armatuari egotzi nahi diote, eta erantzule bakartzat jo.
Eta beraien esanetara makurtzen ez den oro, errudun deklaratu eta kriminalizatu, iritzi askatasunerako eskubidea etengabe urratuz.
Loiolako mahaitik altxatu zirenean, beraien «España una» beste gauza guztien gainetik ipini ziguten, berriz. Euskal hiritarren eskubideak guztiz ahaztuta.
Eta, euren burua demokrata gisa aldarrikatu eta gero, «demokrazia», «duintasuna» eta antzeko kontzeptuak manipulatuz, beraien uztarrira eraman nahi gaituzte.
Gaitzespena besteei eskatzea joko demokratikoaren barruan sartzen da.
Gaitzestea bakarrik eta alde batekoak bakarrik gaitzestea konponbideari bidea ixtea da.
Gaitzespena aurrebaldintza bezala exijitzea ez da ez zilegi, ez demokratikoa, bakoitzak eskubidea baitu egoera bakoitzaren azterketa propioa egiteko.
Ekintza armatu bat ez gaitzesteak ez du esan nahi indarkeria erabiltzea ontzat ematea; hala ere, ikusten denez, gaitzespenak egiteak ere ez dakar gaitzesleak indarkeriaz ez baliatzea.
Eta ez da batere etikoa hainbat eskubide etengabe urratzen jardun eta gero, oinarri etikoak aldarrikatzea. Gauza bat esan eta beste bat egitea hipokrisia da, gezurra. Izan ere, oinarrizko eskubide bakoitza beste guztiak bezain garrantzitsu baita.
Arrasate, bitartean, hauteskunde autonomikoetarako kanpainari begira erabiltzen ari dira;
PNV eta PSEk oso ondo ikasi dute Espainiako orokorretan bi alderdiren arteko polarizazioak zer-nolako emaitzak ekar ditzakeen.
Eta horrexen bila ari dira; jokaldi bera errepikatu nahi dute.