GARA > Idatzia > Kultura

Sorpresaz betetako liburua (*)

Jose Luis OTAMENDI Idazlea

Zerk egiten du berezi Aranbarriren «Zulo bat uretan»? Batetik esku trebez gidatutako kontakizuna gozamenerako bermea da; erregistro literario aldetik oso joria da testua. Bigarrenik istorio eder baten gainean eraikitako liburua izateak, funtsezko bi alderdiak, edukia eta forma banaezin bihurtzeraino uztartzen ditu Aranbarrik. Eta bada hirugarren elementu bat, ongi adierazten ez dakidana, liburuan ageri den munduarekin bat izatera zaramatzan zera magiko bat, ez dakit.

(...) Sorpresaz betetako liburua da. Bazabiltza uretan eta espero ez duzun zerbait ukitzen duzu oinaz, burua sartu, begiak zabaldu, eta uste gabekoak ageri dira flotatzen edo azpiaren zolan... Aranbarrik maisuki garamatza putzu batetik bestera, Imanol Arellanoren ahotsa baliatuz ia beti, eta tarteka Oscar Iriarteren mintzoa entzuten dugula. Bat edo bestea izan narratzaile, beti nabari da gertu-gertutik ari zaigula kontalaria.

(...) Narratzaileak proposatzen dizkigun plano aldaketak eta kamera joko ausartek gure arreta distraitu beharrean artez garamatzate tramaren muinera beti. Oroitzapen bat elkarrizketa bilakatzen da, elkarrizketa deskribapen baten osagarri koloretsu. Zehar estiloaren erabilera txairoak, edo egoki ematen diren jauziak denboran, dinamismoari eta esan nahi dena doi esaten laguntzera datoz. Hizkuntzari dohain miresgarriak ateratzen dizkio Aranbarrik. Egileak narratzaile orojakilea baino narratzaile orojalea eman digula ere esango nuke: dena irensteko dago Imanol, ez du ezerk soraio eta hotz uzten, kontatzen duen guztiak erasaten dio eta dilema moral guztien aurrean, bizitzak jartzen dizkion hautuen aurrean engaiatu beharra dauka.

(...) Tenpoa, erritmoa, suspentsea eta tentsio dramatikoa zoragarri kudeatuta datoz, halaxe, jakin minaren hegalek ia akordatu gabe eraman naute azkeneraino.

(...) Pertsoinaiak etengabe hautua egitera behartuta daude: zer sinetsi eta zer ez, nola jokatu pertsonekin, nondik bildu zalantzaren eta nekearen aurrean ez amore emateko kemena. Eta egindako hautuen bideari jarraituz askatzen zaigu nobelaren mataza. Sentimenduen, garenaren genealogia baten bila dabiltza pertsonaiak, hortik adorea, hortik etsi ezina. Galderak eta dilema moralak asko dira, dialektikaren kolpez egiten du aurrera belaunaldi baten erretratu bat ere baden liburu honek.

(*) Otamendik egin zuen aurkezpenetik hartutako hainbat pasarte dira honakook.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo