GARA > Idatzia > Ikusmira

Tortura sustatzen duen estatuan, salbuespena

Auzitegi Konstituzional espainolak Alberto Viedma euskal herritarraren babes eskaera onartu, eta 2002an Guardia Zibilaren eskuetan tortura jasan ote zuen ikertzeko agindu zuen, euskal presoaren salaketa, behar bezala ikertu ez eta bukatutzat eman zela-eta. Ebazpen hori, nolanahi, salbuespena da arlo honetan; araua berresten duen salbuespena, ordea. Izan ere, tortura eta tratu txarren ikerketarik eginez gero, ohikoa da horiek oztopatzea, urteetan luzatzea eta, ikerketa epaiketa egiteraino iristen bada, torturatzaileei -zigortu izan dituzten kasu bakanetan, behintzat- eskuarki indultua ematea. Gainera, NBEko Tortura Gaietarako Kontalariak, aspaldi ez dela, azaleratu duenez, auzitegiko medikuen txostenak nahiko kaskarrak dira. Estatuak, tortura eragotzi eta zigortu barik, hura ezkutatu, eta lagundu ere egiten du. Gobernu espainolak Igor Portu eta Mattin Sarasola atxilotu zituenean horixe geratu zen agerian. Bestetik, tortura salaketak izan eta horiek ikertu gabe, hainbat euskal herritarrek espetxe zigor larriak jaso izan dituzte, froga bakartzat polizia etxeetan egindako deklarazioak izanik, eta deklarazio horiek torturapean egin zituztela salatuta ere. Gogoratu besterik ez dago lau gazte nafarren kasua. Polizia etxean hilketa baten egile izatea aitortu zuten, eta zenbait urte geroago, horien errugabetasuna, epaileek beraiek aitortuta, nabarmen geratu zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo