Mikel Aramendi Kazetaria
Arrantzaleak, piratak eta txoriburuak
Lehentxeago edo geroxeago etorri behar zuen alderantzizkoagatik, eguzkia ateratzen zuenean negarrez eta euria ari zuenean algaraka ibiltzen omen zenaren gisakoa ez nuke izan nahi, noski. Baina buruarinak agoantatzea ere gero eta zailagoa gertatzen zait, alafede.
Horrexegatik, auskaloko pirata batzuek Somalia aldeko uretan arrain-ontzi bermeotarra harrapatu eta haren eskifaia bahian hartuta zeukatela jakin nuenetik ezin izan ditut burutik kendu duela hamasei hilabete, Somalia hegoalde osoa Epaitegi Islamdarren Batasunaren eskuetan gera ez zedin, Etiopiak herrialdea inbaditu zuenean entzun eta irakurri nituen ergelkeriak. Begien bistakoa zena (herrialde bateko armadak auzoa inbaditzen zuela, alegia) ere aintzakotzat hartu gabe, ongietorria eman baitzioten urrats hari kaskarin gehienek: «eskerrak norbaitek ostikatu dituela talibankume horiek!».
Istorioa bere hartan ez zela amaituko ziur geundenok, jakina, hurrengo fasean zer ikusiko zain geratu ginen. Eta ez nau batere harritu azken urtebetean jazotakoak: hasierako erretirada estrategikoaren ondoren, etiopiarrek galarazi zizkien hegoaldeko basamortu guztiez, eta herrigune gehienez, birjabetu da islamdarren mugimendua. Une honetan, Zenawiren tropek nahiko lan badute Mogadishuren eta handik Etiopiara doazen bi errepideen kontrolari eusten. Borrokak ikusgarriak dira hiriburuan, eta etiopiarren bajak biderkatu egin dira. Baina erretiratzea ere ia ezinezkoa zaie, islamdarren garaipenaren bafada Somalian barrena ez ezik Ogadenera ere hedatuko bailitzateke... Txoriburuek, noski, ezikusiarena egiten dute orain.
Orain euskal arrain-ontziaren bahiketak, eta lehentxeago Le Ponant gurtzeru frantsesarenak, nabarmendu duena da, noski, 2006ko inbasioaren beste ondorio garratz bat. Indarberrituta berragertu baita piratakeria Somalia ekialdean harez geroztik. Epaitegi Islamdarren sortzezko xedeetako bat zen, hain zuzen, laguntza humanitarioa ebasten zuten itsaslapurrak desagerraraztea; eta 2006ko abuztuan uxatu zituzten Puntland aldera Harardere eta Obbia eskualdeetan ziharduten azkenak. Islamdarrak atzeratzean, ordea, Abdi Mohamed Afweyne gudalburuaren «itsas armada» osatzen duten Somaliako Marineak bezalako taldeak lehengo lanbide eta lekuetara itzuli egin dira.