GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Herri mugimenduen ahotsa goizero «Kale Gorrian» saioan

Eguna hasteko proposamen gisa, goizero «Kale Gorrian» saioa igortzen du Info7 irratiak. Bi ataletan bana daiteke irratsaio hau: Martin Garitanok politika gaiei eskaintzen diena eta, Itziar Arteagak gidatuta, gizarte mugimenduei arreta jartzen saiatzen dena.

p058_f02_93x88.jpg

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

«Gizarte gaiak jorratzen ditugu, eta beste irratietan oihartzun txikia duten herri mugimenduei arreta jartzen saiatzen gara». Horrela azaldu du Itziar Arteaga Info7ko esatariak goizean igortzen duten saioaren bigarren zatiak duen helburua. Martin Garitanok eguneko egunkarien irakurketa kritikoa egin ondoren, Arteagak gai sozialak jorratzeari ekiten dio «Kale Gorrian» irratsaioa osatzeko. Arteagak azaldu duenaren arabera, gizarte arazoez informatzen saiatzen dira eta hauei aurre egiten dieten talde edo mugimenduak dira saioan ahotsa dutenak. Hauek euren kezkabideei aurre egiteko erabiltzen dituzten mekanismoak eta antolatzen dituzten jarduerak azaltzeko aukera dute irratsaioan.

Orain dela bi urte hasi ziren lehenengo emanaldiak eta, esatariak deskribatu duen bezala, gero eta mugimendu gehiagok hartzen dute aintzat «Kale Gorrian» saioa euren gaiak azaltzeko. Hemen protagonista diren talde desberdinek askotan ikusten dute beren burua isilarazita beste hedabide nagusi gehienetan. «Nabaritzen dute beste irratientzat garrantzi gabekoak direla», deskribatu du, eta, hortaz, ahotsa ematen dien irratsaio batekin topo egitean esker ona azaltzen dute.

Horrez gainera, hainbat pertsonak egindako kolaborazioak dira irratsaioari kalitatea gehitzen dioten beste ezaugarri bat. «Bertsolari batzuek eta pertsona desberdinek kolaboratzeko konpromisoa hartu dute Info7 den egitasmo borondatezkoa hobetzeko, eta sinadura zerrenda luzea dugu: Mati Iturralde, Xabier Izaga, Joseba Vivanco... beste askoren artean. Elena Beloki ere aritzen zen atxilotu zuten arte», esan du. Kolaborazio hauek saioa aberasten dute eta «musu truk egiten dutenez» garrantzia handiagoa dutela azpimarratu nahi izan du Itziarrek.

Internet bidez zabaltzearen arazo nagusia entzuleak loturaren menpeko izatea da. Dena den, Itziar Arteagarentzat badaude abantaila batzuk ere. Esate baterako, pertsonalizatzeko aukera zabaldu du hedabide honek. «Bakoitzak entzun nahi dituen saioak nahi duenean hartzeko aukera du», ziurtatu du. Hala ere, irrati oso bezala, egunen batean Euskal Herriko txoko guztietara FM bidez iristeko nahia ere azaldu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo