Josebe EGIA
Aldaketaren mugimendua
Has dezagun ondo astea. Behingoagatik bada ere, poztu gaitezen pozteko modukoak diren egitateekin. Ez dut esan nahi berri txarrak ez daudenik, ezta gutxiago ere. Baina gauzak mugitzen ari direla eta hori positibotzat jotzen dudala nabarmendu nahi dut. Tarteka, gozatzea behar bat delako eta baita besteei transmititzen saiatzea ere. Hortaz, hel diezaiegun berri onak kontsidera daitezkeen horiei.
Batetik, emakume askori aurrerantzean mesede egingo dien egitate bat, duten eskubidea ondoriorik gabe urratua izango ez delako bermea, epaile guztiek eredutzat hartuz gero, noski: epai batek Berdintasun Legea lehenengo aldiz aplikatu du etxe-zerbitzu kasu batean. Ezbairik gabe, esplotatuen eta gutxien baloratuta dagoen lanbideetariko bat, langileak emakumeak dituen lanbidea. Emakume bat haurdun egoteagatik bota zuten lanetik eta konpentsazio gisa kito bat sinarazi zioten. Aurreko doktrinaren arabera, lan harreman honen izaera berezia zen, konfiantza harreman batean oinarritzen baitzen, non behin konfiantza apurtuta -edozein izanda arrazoia- ezin zen lan harremanaren biziraupena inposatu. Eta kitoarekin bukatzen zen istorio guztia. Epai hau eman duen epailearen arabera, ordea, doktrina hark ez dauka lekurik egun, Berdintasun Legeari erabat kontrajartzen baitzaio eta, gainera, kaleratzearen baliogabetasuna eskatzeko funtsari erabat lotzen baitzaio: «Haurdunaldiarekin edo amatasunarekin erlazionaturiko emakumeekiko edozein tratu kaltegarrik, sexu arrazoizko diskriminazio zuzena eratzen du». Beraz, lege horren 10. artikuluaren arabera, «erreala, eraginkorra eta proportzionala izango den kaltearen konponketa edo kalte-ordain sistema jarriko da martxan», eta hori da, hain zuzen, epaile honek egin duena: langilea berriro onartzeko eta jasotzeari utzi dion soldata ordainarazteko agindua eman. Bere ustez, eta ni bat nator, agerikoa baita herritar guztien berdintasuna bermatzen duten arauek ezinbestean balio behar dutela etxe-zerbitzuko langileentzat, emakumeentzat, alegia. Orain, epaileek bide hau jorra dezaten besterik ezin dugu bultzatu.
Bigarren berri honek dakarren oinarria bultzatu beharko genukeen bezala. Artikulu hau idatzi ostean ortografia, gramatika eta estilo zuzentzailearen eskuetatik igaroko den era berean, hemendik aurrera egongo da sexismoa gure testu eta idatzietatik desagerrarazteko ere. Ez daukagu inolako zalantzarik, are gutxiago euskaldunok, hizkuntzak jendartean eta bakoitzaren bizimoduan daukan garrantziaz eta eraginaz. Hizkuntza hori eta bere erabilera sexismotik eta diskriminaziotik aldentzea, mantentzeko eta aberasteko helburuarekin batera joan behar da. Themis sistema, printzipioz ez dago pentsatuta norbanakoek etxean erabil dezaten, eta erakundeei, administrazioei eta abarrei begirakoa da gehienbat. Baina badakigu teknologia berriak, lehenago edo beranduago, denongana heltzen direla. Beraz, egunen batean artikulu hauei sexismo zuzentzailea pasako diegun itxaropena daukat, hizkuntza hain errotuta baitago gugan, askotan ez garela ohartu ere egiten diogunak eduki dezakeen kutsu matxistaz.