KRONIKA | Landare berezien VI. azoka
Usaimena, ikusmena... Zentzumenak pizteko parada Aian
Euskal herrian paraje eder ugari dago eta horietako bat da Aiako Iturrarango lorategi Botanikoa. Asteburuan inoiz baino ederrago agertu zaie, ordea, bisitariei, arropa dotoreenak jantzita eta usainik gozoena zeriola.
Maider EIZMENDI
Goiza eder esnatu zen atzo. Eguraldi eder eta sanoarekin, baina are eta ederrago zegoen Aiako Iturrarango Lorategi Botanikoan. Zentzumenak biziberritzen zituen, ikusmena eta usaimena, batez ere, koloreak eta lore usain gozoak hartuak baitzituzten inguruak. Hamaika eta erdiak jotzerako lepo beteta zeuden erakusmahaiak eta inguruak.
Askorentzat jada urteroko zita da hau, udaberria abiatzen denean itxaroten dutena. Lehenengoz ziren, ordea, beste asko azokan. Gasteiztik etorrita zebilen Lupe Saez de Adana: «Nik ez nuen azoka honen berri, baina nire lagun batek entzuna zuen, eta aurten etortzea erabaki dugu». Txundituta zegoen ikusten ari zen guztiarekin: «Salgai dauden loreak primerakoak dira, ikusgarriak, baina parajeak nauka txundituta, ikaragarria da». Oraindik ere esku-hutsik zebilen, erosten hasi aurretik azoka guztia ikusi nahi baitzuen, baina jada pare bat landare begiz jota zituela zioen. «Lorategi txiki bat daukat herrian eta bertan jartzeko pare bat landare erosi nahi ditut». Primerako plana zuen aurretik, eguerdira bitartean azokan ibili eta arratsaldean berriz Arabako hiriburuko jaietan buru-belarri sartu.
Egun-pasa ederra egitekotan zegoen Jesus Arregi donostiarra ere. Azokara lehen aldiz bertaratu zen atzo, baina Iturraran inguruak ondo ezagutzen ditu. «Orain hamabost egun etorri nintzen; gaur polita dago, baina urte osoan ere ederra egoten da inguru hau». Esku-hutsik zebilen eta etxera ere hala joateko asmoa zuen, «loreak erosi bai, baino gero etxean asko zaindu behar dira». Tankera bereko iritzia agertu zuten kaktus postu baten aurrean zeuden beste bi mutilek: «Horrelakoak erosi behar dira, hauei noizean behin ur pixka bat bota eta nahikoa izaten da».
Bertan zeuden landareetako askok, ordea, merezi zuten bai, mimoz zaintzea eta helburu horrekin galdegiten zieten saltzaileei bisitari ugarik; izan ere, erakusgai eta salgai zeuden lore gehienak ez dira egunerokoan bertako loradendetan salgai izaten, horregatik da Iturrarangoa lore berezien azoka. Zalantzak argitzen eta argibideak ematen ari zen Michel Baches. Zitrikoetan espezializatua dago bere mintegia eta salgai zituen limoiondoak, laranjondoak, mandarinondoak... «Ikusten al duk zer zuhaitz txikia eta zer limoi puska daukan zintzilik!».
«Jendeak interesa du»
Mintegi honetan 250 barietate baino gehiago lantzen dituzte, baina batez ere Aiako azokan laranjondoak eta limoiondoak saltzen dituztela nabarmendu zuen. «Gero eta jende gehiago animatzen da bestelakoak erosten, baina zaila izaten da ezagutzen ez den fruitu baten zuhaitza erostea». Azoka hau egiten hasi zenetik urtero etorri da bertara, eta egiten dituen salmentekin eta jendeak erakusten duen arretarekin gustura zegoen. «Jendeak galdetu egiten du, interesa agertzen du eta hori beti da eskertzekoa».
Aurten estreinakoz etorri da, berriz, Aromatiques Tropicales mintegia eta, itxura guztien arabera, harrera ezin hobea egin diote bisitariek. Ez da harritzekoa, Iturrarango etxearen bigarren solairuan kokatua zegoen Cristine Latourren salmahaia, baina lehenengotik ere usaindu zitezkeen erakusgarri zituenak. Landare usaindunak eta janaria bizigarritzeko espezieak zituen salgai, poltsatxotan. Gustura zegoen egindako salmentarekin, baina batez ere lau produktu saltzen ari zela esan zuen: «Tomate lehortua, jengibrea, erregaliza eta kanela». Bere esanetan, jendeak ez du espezie hauetako asko erabiltzeko ohiturarik, eta ikusi eta galdetu bai, baina erosi ez ditu egiten.
Oraindik egun erdia zuten aurretik, baina azokaren antolaketa lanetan zebilen Amaia Agote gustura agertu zen egunaren martxarekin. Eguraldiak ere ez die trakeskeria handirik egin eta Landare Berezien VI. Azokak bisitari ugari izan ditu: «Larunbatean 4.000 lagun etorri ziren eta gaur aurreko urteetako joerak jarraitzen badu kopuru hori bikoiztea espero dugu». Adierazi zuenez, oraindik ez dago lore bildumak egiteko ohitura handirik inguru hauetan, «baina gero eta gehiago».
Ikusi beharrekoak ikusi eta erosi beharrekoak erosita, hurrengo zita ogitarteko eta taloen salmahaiaren inguruan zuten gehienek. Gainerako zentzumenak biziberritzearekin batera, eguerdirako gosea askori piztu baitzitzaion.