IZOTZ HOCKEYA | Euskadiko Kopa
Hormadi Angelukoak lehen zatian erabaki du Txuri Urdinen aurkako finala
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Hormadi Angelukoa zen Euskadiko Kopa irabazteko faborito nagusia, eta angeluarrek ez dute hutsik egin, beraiek irabazi baitute lehiaketa, herenegun gauean Donostian jokatu zen finalean Txuri Urdini 2 eta 4 irabazi ostean.
Norgehiagoka lehen zatian erabakita geratu zen. Gipuzkoarrak aitzineratu ziren lehen minutua betetzerako, baina gero lapurtarrek partida irauli egin zuten, hiru gol jarraian lortuta. Txuri Urdinek eman nahi zuen ezustea eman, eta markagailuko aldea txikitu zuten, hala, berriro ere emozioa eraman zuten harmailetara. Hala ere, lehen atsedena hartu aurretik, Hormadik laugarren gola egin zuen, eta 2-4koa jarri zuen markagailuan.
Borroka
Bigarren zatia hasi eta berehala borroka handi bat izan zen jokalarien artean, eta kirolean ikusi behar ez dena ikusi behar izan zuten zaleek. Azkenean jokalariak lasaitu zirenean, eta borroka hori amaitu zenean, epaileek erabakiak hartu behar izan zituzten, eta talde bakoitzetik bi jokalari egotzi zituzten.
Hortik aurrera, ordea, ez zen markagailua gehiago mugitu. Hormadi aurretik zen, eta lasai zegoen. Txuri Urdinen ahaleginak alferrikakoak izan ziren, eta bigarren atsedena hartzeko tenorea heldu zen.
Azkeneko zatian ere gauzak ez ziren batere aldatu, eta lehen zatiko emaitza berarekin amaitu zen partida. Azkenean, Hormadik txapel bat lortu du aurten, eta Txuri Urdinek ere lan txukuna egin du. Final honek eman dio amaiera denboraldiari.