GARA > Idatzia > Kultura

Uxue Alberdi eta Julio Soto, Osinalde sariketan irabazle

GARA | GABIRIA

Bertsolari gazteentzako XXXVII. Osinalde Sariketako irabazlea Uxue Alberdi izan zen larunbat gauean Gabiriako Osinalde elkartean jokatutako final nagusian. Entzuleen saria, berriz, Julio Sotorentzat izan zen. Saioko bertsorik onenaren garaikurra Alaia Martinentzat izan zen kartzelakoan «Giltza» hitzari botatako bertsoarengatik.

Finalean Julio Soto (Gorriti), Unai Gaztelumendi (Añorga), Oier Aizpurua (Zarautz), Alaia Martin (Oiartzun), Maialen Velarde (Zumaia) eta Uxue Alberdi (Elgoibar) aritu ziren. Jokin Muruak eman- dako gaiei erantzuten jardun zuten. Koplatan, berriz, Joseba Iztueta eta Iban Maiz trikitilari gabiriar gazteen laguntza izan zuten.

Osinalde elkartean ehun eta hamar lagun afaltzen izan baziren ere, saioa entzutera jende gehiago, gazte zein heldu, inguratu zen. Entzuleek sei gazteen ahalegina estimatzeko txalo zaparrada ugari eskaini zituzten.

Ilunpean kantari

Apirilaren 5ean Aztirian eman zitzaion Osinalderako ibilbideari hasiera. Apirilaren 18an jarraitu zuen Ordiziako Argi-Berri elkartean, eta 18an, berriz, Idiazabalgo Axarin. Aipatu saio bakoitzeko bina sailkatu bilduta, final nagusia jokatu zen Osinalde elkartean.

Saio guztiek izan dute euren puntu gorena eta larunbatekoak ere izan zuen: argia joan eta Unai Gaztelumendik bi bertso ilunpean bota behar izan zituen. Egoera baliatu zuen. Gaiak honela zioen: «Parrandatik etxera itzuli eta zure ohean bi neska aurkitu dituzu». Gaztelumendik «ekinean bonbilla denak funditu» zituztela kantatu zuen.

Azkenean, Osinalde saria Uxue Alberdirentzat izan zen; Gabiriako Ostatu jatetxeak ematen duen herriak aukeratutakoaren saria, Julio Sotorentzat, eta Sagastizabal Igogailuek eskaintzen duten bertsorik onenaren saria, Alaia Martinentzat. Dena dela, parte hartu duten bertsolari guztien jarduna aipatzekoa izan dela esan dute antolatzaileek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo