GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Organoen transplantea

Elkartasun keinu bat bizitzeko beharrezko denean

Heriotza eta bizitza; etsipena eta itxaropena. Dikotomia iradokitzen dute transplanteek: bi aurpegi, bi errealitate... baina finean elkartasuna. Elkartasuna eragiten duen elkartasun keinua baita emailearena.

p010_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI

Une mingarrietan hotz eta zuhur, lanean gogor aritzea tokatzen zaio. Pertsona baten heriotzaren berri jasotzean hasten dira bere eta bere lantaldearen lan egunik luzeenak. Tristuraren eta itxaropenaren artean igerian. Joseba Aranzabal EAEko Transplanteetarako koordinatzaile nagusia da. Ondo baino hobeto ezagutzen ditu transplante bat egin aurretik, ehunka pertsonek lotu eta eman beharreko pausoak eta horiexek azaldu dizkigu.

Heriotzak eta honen berri ematen duen deiak abiarazten du erlojupean egiten den lasterketa hau. «Koordinatzailea berehala bertaratzen da ospitalera, eta heriotza konfirmatzea da bere lehen lana; ondoren emaileari ebaluazioa egiten dio, hartzaileari igorri diezazkiokeen infekzio edota minbizi prozesuak dituen jakiteko eta bere organoak egoera onean dauden jakiteko», azaldu du. Une horretan hildakoaren familiarekin harremanetan jartzen dira, hauek baitira organoak emateko oniritzia eman dezaketen bakarrak. «Elkarrizketaren helburua egoeraz jakitun izan daitezen da, heriotzaren berri ematen diegu; nola gertatu den azaldu eta ahal den neurrian une latz horietan laguntzen saiatzen gara». Aldi berean, euren senideen organoak emateko eskubidea dutela jakinarazten diete, eta hildako pertsonak inoiz bere desadostasuna agertu ote duen edo ez galdegiten diete. «Baiezko kopurua handia izaten da. Hamarretik bederatzik organoak ematen dituzte».

Horren harira, Aranzabalek baiezko hori emateko aukera ez dela beti izaten adierazi du: «Kontuan hartu behar da organo emaileak ospitalean hil behar duela. Gainera, guztiek ez dute balio izaten. Batez beste ospitalean hiltzen diren pertsonetatik %1ek soilik eman ditzake bere ornagoak; beraz, ondasun urria eta preziatua da». Urteak daramatza lan honetan, baina ez du galdu une horretan senitartekoen samina ulertzeko gaitasunik, eta behin eta berriz nabarmentzen du «hartzen duten erabakia edozein delarik ere ulergarria» dela.

Organoak nori eman erabakitzea izan ohi da hurrengo eginbeharra: «Adibidez, gibelaren kasuan Madrilera deitu eta Estatuan larrialdiren bat baden galdetzen da; zenbait kasutan hurbileko estatuek ere egiten dituzte larrialdi kasuetarako eskaerak. Larrialdi zero deitzen den egoerarik ez bada, irizpide klinikoak eta zonaldekoak erabiltzen dira organoa nori eman erabakitzeko; lehentasun egoerarik ez bada, organoa lortu den eremu bereko norbaiti transplantatzea da jarraitu beharreko irizpidea». Irizpide klinikoei dagokienez, larritasuna eta odol taldearen bateragarritasuna izaten dira aintzat hartu beharrekoak, eta biriken, bihotzaren eta gibelaren kasuan gorputz tamaina ere kontuan hartzen da.

Organoa nori eman behin erabakita, organoak aterako dituen mediku taldeari abisu ematen zaio; maiz transplantea egingo duten medikuak eurak izaten dira ebakuntza hau egiten dutenak. «Ebakuntza arautua da eta bi helburu ditu: transplanterako organoak eta ehunak eskuratzea, baina aldi berean hilotza ahalik eta egoera onenean geratzea».

Organoek iraun dezaten likido berezi batekin garbitu eta izotzetan sartzen dituzte helmuga tokira iritsi bitartean. Gorputzetik kanpo iraun dezaketen denbora organoaren baitakoa da: «Ahalik eta azkarren transplantatzea da hoberena, baina gibelak zortzi ordu iraun ditzake; bihotzak eta birikak 4 eta 6 ordu artean, eta giltzurrunek, berriz, 24 ordu ere iraun ditzakete». Denbora hori igarotzerako organoak jasoko dituzten pertsonak dagokien ospitalera bertaratu behar dituzte. Gibeleko eta giltzurrunetako transplanteak Gurutzetako ospitalean egiten dira; bihotzekoak eta biriketakoak, berriz, Valdecillasen (Kantabria).

Aranzabalek adierazi duenez, organoak jasoko dituzten pertsonek urduritasunez jasotzen dute koordinazio zentroko deia. «Aurretik badakite edozein unetan deituko diegula, baina ordu horretan zalantza mordoa sortzen zaie». Zentzu horretan, deia senideek gaixoek eurek baino poztasun handiagoz jasotzen dutela dio, «gaixoa oso urduri jartzen da». Azken pausoa, nola ez, organo horiek transplantatzea izaten da.

Prozesu luze eta konplikatua da eta kasuan kasu ezberdintasunak badaude ere, parte hartzen duen pertsona kopurua handia dela dio. «Logistikan aireportuek ere parte hartzen dute eta jende asko behar da edozein gautan aireportu bat zabalik izateko. Ospitalean bertan ehun bat pertsonek parte har dezakete, erizainek, medikuek, zaintzaileek, telefonistek...».

Hala ere, merezi du esfortzuak, gaur egun transplantatuak diren pertsonen biziraupena «altua» baita.

Hartzailearen aurpegia

Transplanteak aurpegi biko prozesuak dira. Abiatze gogorra dute, heriotza eta, tartean, ehunka pertsonen lana. Amaiera, baina, inork imajinatu ezin duen poztasunarekin ematen zaio kasurik gehienean, eta horren adibide garbia dira Manuel Arruti eta Luis Balentziaga. Orain bost urte jaso zuen bihotz berria lehenak; orain hamabost, bigarrenak. Elkartasunak eman die biei bizitzeko aukera, eta hori eskertzeko bide dute Euskadiko Bihotz eta Biriketako Transplantatuen ATCORE elkartea.

Arruti oraindik ere emozionatu egiten da, orain bost urte bizi izandako trantzea gogora ekartzean. Emaztearekin asteburu pasa zegoela bihotzekoa izan zuen eta orduantxe hasi zen bere kalbarioa. «Hil ala bizi eraman ninduten ospitalera, eta Zaintza Bereziko Unitatean hilabete egin ostean, nire bihotza osatzeko aukerarik ez zela eta aukera bakarra bihotz transplantea zela esan zidaten». Kantabriara eraman zuten orduan, han egiten baitira gisa honetako ebakuntza gehienak. Bertan beste hilabetez egon zen eta Santo Tomas egunaren bezperan etxera bidali zuten, bihotza iristen zenerako indartzeko premia baitzuen. Zain eman zuen denboran izandako burutazioen gainean, zera dio: «Niri orduan berdin zitzaidan transplantea edo bestelakoa, nahi nuen gauza bakarra hobeto sentitzea zen batere indarrik gabe bainengoen».

Uztailaren 9a, gaueko hamaikak; orduan jaso zuen telefono deia, bihotz bat bazegoela eta Kantabriara abiada bizian joan behar zuela esanez. Poza bai, baina beldur izugarria sentitu zuen: «Nik neure baitan berriz ere etxera ez nintzela iritsiko pentsatzen nuen, baina azkenean aukera bakarra hori zen». Luis Balentziagak ere ideia bera nabarmentzen du. «Badira izugarrizko poza sentitu zutela esaten dutenak, geroago zara horren kontziente, baina une horretan badakizu oso ebakuntza konplikatua egin behar dizutela eta horren aurrean ikaragarrizko beldurra sentitzen duzu». «Gainera hainbeste urtean zurea izan den bihotza galtzen duzu», gaineratu du Arrutik.

Anbulantzian, argiak eta sirenak piztuta. Bi ordu eta erdietan Kantabrian ziren Arruti eta bere emaztea, eta atzetik bere hiru semeak. Iritsi eta berehala jaitsi zuten ebakuntza gelara. Eta esnatzean zer? «Hotza nuela eta aire beroko `flotadore' antzeko bat jarri zidaten gainean, eta esnatu eta hura izan zen ikusi nuen lehenengo gauza». Errekuperazio azkarra izan zuen, zortzi egun beranduago etxean baitzen.

Balentziagak ere ez du ahaztuko bihotz bat zutela eta ospitalera joateko dei egin zioten gaua, ez eta pertsona batek izan zuen elkartasun keinua ere.

Bizi artean botikak hartu beharko dituzte gorputzak jasotako organoa errefusa ez dezan. Jakitun dira biak loteria handia tokatu zitzaiela. «Guri organo horiek urteetako bizitza eman digute eta hori ezin da pagatu». Ordudanik lanean dihardute biek ahalik eta organo gehien lortze aldera eta horretarako tresna informazioa dute.

Aranzabalen ustez, transplanteen gaineko ezagutza handitzea ere ezinbestekoa da. «Aurreiritziak eta uste okerrak alde batera utzi behar dira, eta nabarmendu behin eta berriz irizpide klinikoak baliatzen direla organoak esleitzeko eta ez beste ezer».

Hirurek nabarmendu dute donazioa unibertsala dela, elkartasun keinu unibertsala. Horregatik emaile karneta egitea gomendatzen dute; funtsezkoena, ordea, aukera horren gainean hausnartu eta «lagunei, bikoteari eta senitartekoei emaile izateko nahia adieraztea da».

Ezin eman, jasotzeko eskua luzatuta, baina behin eta berriz errepikatzen dute hirurek, «edozein pertsona gertatu ahal dela edozein unetan organo baten premian». «Nork esan behar zigun guri bihotz berri bat beharko genuela?», dio Balentziagak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo