ACB Liga
Jaia eta poza La Casillan, azken faserako eta Europarako sailkatuta
Nahiz eta partida eskasa egin, Lewis eta Huertasi esker bigarren zatian markagailuari buelta ematen asmatu zuten Vidorretarenek
BILBAO BASKET 89
RICOH MANRESA 77
Arnaitz GORRITI | BILBO
Azken kanporaketetarako sailkapena poltsikoan dauka Iurbentia Bilbao Basketek atzo eguerdian Ricoh Manresaren aurka La Casillan 89-77 garaile atera ondoren. Azken fasera sailkatzeak datorren urtean Europako lehiaketaren bat jokatzea ziurtatu dio talde bilbotarrari. Seguru asko ULEB Kopan jokatzea egokituko zaio, baina goiz da oraindik.
Arrakasta horren erakusgarri dira jokalarien partida amaitu osteko kantu eta dantza saioak; La Casilla leporaino betetzen zuten 5.000 zaleak lekuko, bizkaitarrek sekula egin duten ligarik onena ospatu zuten Txus Vidorretarenek. Galduta ere berdin zatekeen, Kanaria Handiak galdu egin baitzuen Akasvayuren aurka, baina jokalariek ez zituzten zaleak hemeretzigarren garaipenik gabe utzi nahi.
Izugarri kosta zitzaien, ordea, Vidorretarenei neurketa aurrera ateratzea. Ricoh Manresa jaisteko arriskutik ia libre dago, baina beste garaipen bat behar dute salbazioa ziurra izan dadin. Hala Josep Ponsarnauren gizonak guztiz kontzentraturik atera ziren kantxara. Defentsan oso gogor, Rafa Martínezen saskiratzeei esker markagailuan aurrea hartu zuten neurketaren lehenengo bi laurdenetan. Bilbotarrek, berriz, ez zuten behar bezalako lanik egiten, defentsan batik bat, nahiz eta erasoko erreboteei esker une oro kataluniarrengandik gertu egon.
Hamar puntuko aldea hartu zuen bigarren laurdenean Ricoh Manresak, Callahan eta Xavi Rey gazteak emandako minutu onei esker. Zorionez, Marcelinho Huertasen eskutik bilbotarrek 6-0ko partziala lortu eta atsedenaldira 37-41 iritsi ziren.
Quincy Lewisen eguna
Atsedenalditik bueltan Javi Salgadok zortzi puntu jarraian saskiratu zituen, baina ez zen Santutxuko antolatzailea izan bilbotarren arteko atzoko izarra, Quincy Lewis hegalekoa baino.
Txus Vidorretak hirugarren laurdenetik aurrera, are gehiago Banicen laugarren faltaren ondotik, small ball deritzon sistema jarri zuen; hots, lau jokalari txikirekin, Lewis, eskuarki hegaleko postuan jokatzen duena, hegal-pibot legez jarrita, urruneko jaurtiketa eta sarrera zein mozketetarako lekua irabazteko asmoz. Erdiz erdi asmatu zuen Indautxuko teknikariak. Weis eta Ilicen barneko lanak ere zerikusirik izan zuen bilbotarren erreakzioan. Azken laurdenera 60-56 aurretik iritsi ziren etxekoak.
Azken hamar minutuetan Huertas, Recker eta Lewisek, kanpoko jaurtiketetan sekulako punteriaz, taldeak behar zituen puntuak saskiratu zituzten. Defentsan, berriz, lana zorrotz bete zuten eta hori gutxi balitz, kataluniarrek besoak jaitsi zituzten Sánchezi falta tekniko bat adierazi ostean.
Garaipen garrantzitsu horren ondotik, azken faserako txartela eskuan, jaia eta poza erruz izan zen La Casillan.